inprenta

iz. 1. Hartarako egokitutako makina edo tresnen bitartez, paperean edo antzeko materialen batean izkribu edo marrazki baten aldakiak tintaz inprimatzean datzan teknika eta artea. 2. Ik. inprimategi.
VI. mendean azaldu omen ziren Europan, Txinatik ekarrita, zurezko plantxekin egindako lehen liburu inprimatuak, baina XV. mendera arte europarren artean ez zuen oihartzun handirik lortu liburuak egiteko sistema honek. Urratsik garrantzitsuena karaktere higikorreko konposizioa asmatzea izan zen eta L. Coster nederlandarrak egin bide zuen 1423an. Teknika hau J. Gutenberg alemaniarrak hobetu zuen eta tipografia asmatu zuen. Gutenbergen prentsak metal urtuzko tipoak erabiltzen zituen eta ordura arteko zurezko tipoak ez bezala, hauek behin eta berriro erabil zitezkeen. Berrikuntza honi esker, inprimatutako liburuak kalitate hobea zuten eta orriak bi aldeetatik inprimatzen hasi ziren. Une horretatik aurrera Europa osoan ugaritu ziren inprimatzaileak eta aurrerapen mekaniko ugari garatu ziren.
Tipoak urtzeko makina asmatzearekin batera, karaktereak lortzeko bidea erraztu egin zen eta honek bide eman zuen letra-tipo askoren diseinua sortzeko. Garai honetan sortu ziren gotiko edo erromatar izeneko letra-tipoak besteak beste. Aldo Manuzio-k adibidez, letra etzana eta zortziren bateko orrien formatua asmatu zituen (1500).
Inprimategia asmatu zenetik 1500. urtea bitartean egindako liburuei inkunableak esaten zaie. Lan tipografiko hauen artean Gutenbergen Biblia da maisulan aipagarriena.
XIX. mendea bitartean liburuen produkzioa artisau-lana zen: testu-antolatzaileak tipoak banaka-banaka hautatu eta konposagailuan lerrokatuz eratzen zituen testuak, gero inprimatzaileak tintaz bustitako tipoaren kontra eskuz estutuz inprimatzen zituen orriak. XIX. mendean inprimategia mekanizatzen hasi zen neurrian -Koening-ek makina zilindrikoa (1810), Mergenthaler-ek linotipia (1884) eta Lanston-ek (1887) monotipia asmatu zituzten-, kalitatea hobetuz eta produkzioa handituz joan zen.
Euskal Herrian inprimategia oso goiztarra izan zen, A. G. Brokairek 1492an ireki baitzuen Iruņean lehenengoa eta urte berean kaleratu zuen lehen liburua; J.F. Tornamirak medikuntzari buruz idatzitakoa. Euskarazko inprimaketari dagokionez, aurretik latinezko zein erromantzezko liburuetan euskarazko hainbat pasarte argitaraturik bazeuden ere, lehen liburua Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae izan zen (Bordele, 1545).




Atzera