maskuri

iz. ANAT. Airez edo likidoz betetako mintzezko zakua. gernu-maskuri. Kanpora atera bitartean gernua metatzeko zaku-modukoa. || igeri-maskuri. Gas-puxika.
Mintzez eta muskuluz eratutako organo hutsa da maskuria, pelbisaren barrunbean eta pubisaren atzean kokatua. Peritoneoaren azpian dago, gizonezkoaren kasuan ondestearen aurretik eta emakumezkoaren kasuan umetokiaren aurretik. Hutsik baldin badago tetraedro-forma du eta goiko erpinean urakoa -alantoide enbrioi-organoaren goiko zatia, zilborrerantz doana- du; behe-atzealdeko oinarria triangelu-formakoa da: honen behe-aurrealdeko erpina uretraren zuloari dagokio eta goiko-kanpoaldeko erpinak ureterrak sartzen diren guneei dagozkie. Beterik baldin badago, forma biribila hartzen du, pelbisa bete egiten da eta sabelaldean pubisa ere gainezkatu egiten du. Maskuriaren bolumena, oro har, 300-350 cm3-koa da.
Egitura anatomikoari dagokionez, maskuriak hiru geruza ditu: kanpoaldekoa, peritoneoaren azpian dagoena; erdialdekoa edo muskularra, muskulu-zuntz lisoz osaturik dagoena eta hiru geruza zentrokide dituena; eta barnealdekoa, maskuriaren barnealdea estaltzen duena eta ureterra zein uretraren mukosekin uztartzen dena.
Maskuria alde zerebroespinal eta sinpatikoaren kontrolpean dago; ondorioz, gernu egitea borondatezko ekintza da, sistema begetatiboak koordinatzen duena alegia.




Atzera