oreka

iz. 1. Elkar deuseztatzen duten indarren ondorio den egoera, higidurarik eza ezaugarri duena; elkar deuseztatzen duten efektuak sortzen dituzten aldibereko prozesuek osatutako sistemaren egoera, aldaketarik eza ezaugarri duena. 2. Elkarren kontrako edo desberdinak diren elementuen arteko berdintasun- edo parekotasun-egoera, ezer edo inor nagusitzen ez dena. 3. Pertsona baten jarduera mentala, bere emozio eta sentimenduen mundua egokia eta egonkorra, ohizkotzat jotzen denarekin bat datorrena. Atsegin-boladek bete naute behin eta berriro, eta oreka galdu dut zeharo. 4. Giza gorputzaren zutikako posizioa. 5. EKON. Eskaintza eta eskaera bat datozen egoera. 6. KIM. Erreakzio kimiko batean, produktuen eratze-abiadura eta desagertze-abiadura berdinak diren egoera. oreka egonkor. FIS. Sistema bat bere oreka-posiziotik zertxobait aldentzean, indarrek berriro bere jatorrizko posiziora eramaten dutenekoa (oreka ezegonkorrari kontrajarria). || oreka ezegonkor. FIS. Sistema bat oreka-posiziotik zertxobait aldentzean, indarrek are gehiago urruntzen dutenekoa (oreka egonkorrari kontrajarria). || oreka natural. EKOL. Ingurugiro batean fauna eta landarediaren konposizioak aldaketa nabarmenik ez duen egoera, bertan eragiten duten faktore guztiak egonkorrak izatearen ondorio dena. || oreka neutro. FIS. Sistema batek izan ditzakeen posizio guztiak orekazkoak direnekoa eta batetik bestera iragan daitekeenekoa. || oreka-ariketa. (pl.) Zirkuko ikuskizunez mintzatuz, jendeak ongi igaro dezan egiten diren itzulipurdi eta antzeko ariketa akrobatikoak.



Atzera