prozedura

iz. 1. Helburu jakin bat lortzeko erabiltzen den eragiketa-multzoa edo metodoa. 2. ZUZ. Prozesuaren aurretik, bitartean eta bukatutakoan jarraitu beharreko izapide eta urratsen multzoa. prozedura errekurtsibo. INFORM. Prozedura baten egikaritzapenean bere buruari dei diezaiokeen prozedura.
ZUZ. Helburu juridiko bat lortzeko jarraitu behar diren egintza eta izapideek osatzen dute prozedura. Beraz, prozedura jarduteko modua da, aurrez eta lege-bidez zehaztutakoa, hots, xede juridiko bat lortzeko forma juridikoa, errespetatu beharreko forma-erregelez osatua.
Estatuaren barruan, botere desberdinek dauzkaten funtzio bezainbat prozedura juridiko daudela esan daiteke. Legegintzako prozedura lege bat onartzeko eman beharreko pauso guztien multzoa da (Ik. lege); legegileak berak hautatzeko ere hauteskunde-prozedura segitzen da. Era berean, prozedura administratiboa, administrazio-funtzioan lortu nahi diren xedeak -administrazioaren eraginkortasuna eta administratuen eskubideak bermatzea- erdiesteko egintza administratiboetan jarraitu beharreko bide formala da. Azkenik, prozedura judiziala epailearen bidez legea betearazteko segitu behar diren arauen multzoa da. Eremu judiziala lau gai nagusitan banatzen da, bakoitzak oro har prozedura berezitua izanik: kontentzioso-administratiboa, laborala, penala eta zibila.
Prozedura erregistrala, berriz, egitate, egintza zein negozio juridikoek Erregistro Zibilera eta Jabetzako zein Merkataritzako Erregistrora sartzeko errespetatu behar dituzten forma-erregelak osatzen dute.
Alor judizialean bereizi beharrekoak dira prozedura eta prozesua. Prozesuari lehen iudicium ("judizio") deitzen zitzaion, eta egun maiz, bi hitzok (eta "epaiketa") baliokidetzat ematen dira. Prozesu juridikoa zuzenbidea zuzenki aplikatzeko instrumentua da. Prozesuaren bidez, inpartziala eta independentea den organo jurisdikzional batek bi alderdiren arteko erlazioa epaitzen du, alderdi biei bere posizioa agertzeko aukera berdina eskainiz eta baten eskaeraren aldeko epaia emanez. Prozesua bideratzeko eta bertan lortu nahi den xedera iristeko, alderdi partehartzaileek eta epaitzen duen organo jurisdikzionalak segitu behar dituzten aurrez ezarritako egintzen multzoa da prozedura.




Atzera