Pizarro

Espainiako konkistatzaile-familia. - Francisco (Trujillo, 1478 - Lima, 1541). Amerikara joan zen (1502) eta Diego de Almagrorekin elkartu zen H-ko lurraldeak esploratzeko asmoz. 1526-28ko espedizioan, inken inperioa aurkitu eta Espainiara itzuli zen. Karlos V.ak lur haien konkistarako baimena eta kapitain jeneral titulua eman ondoan itsasoratu zen berriro (1529). Almagro haren mendeko utzi zuten eta arras mindu ziren bien arteko harremanak. Ameriketan, inken arteko borrokak baliatuz, Atahualpa preso hartu zuen Pizarrok Cajamarcan (1532) eta hiltzeko agindua eman zuen. Atahualparen eta haren anaia Huascarren heriotzek guztiz erraztu zuten espainolen konkista. Sarraski askoren ondoren, Cuzcon sartu zen (1533) eta Limako hiria fundatu zuen (1535). Espainolen ankerkeriari erantzun nahirik, Manco Capac II.a buruzagi inka altxatu zen haien aurka (1536). Almagrok egoera hau baliatu nahi izan zuen Pizarroren aurka, baina menperatu eta hil egin zuten. Gero Almagroren aldekoek hil zuten Pizarro Limako jauregian. - Gonzalo (Trujillo, 1502 - Xaquixaguana, 1548), aurrekoaren anaia. Peruko konkistan parte hartu zuen eta Quitoko agintea eman zioten. Anaia Francisko hil zutenean Nuņez de Vela erregeordearen aurka altxatu zen, baina hil egin zuten. - Hernando (Trujillo, 1475-1578), aurrekoen anaia. Peruko konkistan izan zen anaiekin batean. Almagro hilarazi zuen eta, salatu zutenean, Espainiara eraman eta preso egon zen Motako gazteluan (1540-60). - Juan (Trujillo, 1505 - Cuzco, 1536), aurrekoen anaia. Peruko konkistan ibili zen anaiekin batean. 1535ean, Cuzcoko gobernadore egin zuten eta Manco Capac II.aren setiokoan hil zen.



Atzera