Tadjikistan

(Tadzhikskaia). Asiako erdialdeko estatua. Mugak: I-an Kirgizistan eta Uzbekistan; H-an Afganistan; E-an Uzbekistan; M-an Txina. Oso menditsua da: E-an Pamir mendikatea (Komunismo, 7.495 m) eta M-an Turkestan, Zeravshan eta Guissar mendikateak. Mendialdeko jarduera ekonomiko nagusia abeltzaintza transhumantea da eta haranetakoa ureztapeneko laborantza (kotoia, laboreak, barazkiak, mahastiak). Zorupeko mineralak. Industria (ehungintza, larrugintza, nekazaritzarako makineria, elikagaigintza).
Historia. Arabiarrek (VIII. m.), aamandarrek (IX-X. m.) eta mongolek (XIII. m.) konkistatu zuten. XVI-XVIII. m.: Bukharako khanerriko parte izan zen. 1886-95: Errusiak Asiako HE-an konkistatutako lurren eta Afganistan arteko muga finkatu zuen batzorde angloerrusiar batek. 1924: Tadjikistango errepublika autonomoa eratu zen Uzbekistanen barruan. 1929: SESBko errepublika federatu bilakatu zen. 1990: komunistek irabazi zituzten lehen hauteskunde libreak. 1991: Tadjikistango Sobiet Gorenak errepublikaren independentzia aldarrikatu eta Estatu Independenteen Elkartean sartu zen. 1992: islamdarrek, tadjik nazionalistek eta beste hainbat taldek osaturiko koalizioak gobernua eskuratu zuen, baina berehala zabaldu zen gerra zibila. Komunistak nagusitu ziren eta islamdar oposizioak gerrilla-gerrari ekin zion. 1994: Imomali Rakhmonov komunistak irabazi zituen hauteskundeak. 1997: bake-akordioa sinatu zuten lehendakariak eta oposizio islamikoko buruzagiak.




Atzera