Turkestan
Asiako erdialdeko lurralde historikoa. Mugak: I-an Siberia; M-an Kaspiar Itsasoa; H-an Tibet, India, Afganistan eta Iran; E-an Gobi basamortua. Bi alde nagusi bereizten ziren: E-ko Turkestan (g.e. Txinako Xinjiang Uygur lurralde autonomoa) eta M-ko Turkestan (g.e. Kirgizistan, Uzbekistan, Tadjikistan, Turkmenistan eta Kazakhstango hegoaldea). Afganistango iparraldea ere Turkestango lurraldea izan zen.
Historia. K.a. II. m.koak dira ezagutzen diren Turkestango lehen datuak; inperio handi bat eratua zuten hunoek Kashgarian eta, inperioa zatitu ondoren, txinatarrek konkistatu zuten. IV. m.an, inperio bat eratu zuten huno heftalitek M-ko Turkestanen. VI. m.an herri turkiarrak egokitu ziren Transoxianan. VIII. m.an arabiarrek konkistatu zuten eta X. m.aren hasieran persiar samandarren menpe gelditu zen. Garai bertsuan, E-ko Turkestan hartu zuen uigur herri mongoliarrak. XIII. m.aren hasieran Gengis Khan enperadore mongoliar handia agertu zen arte, buruzagi turkiarren eskuetan egon ziren. 1218an konkistatu zuen Gengis Khanek E-ko Turkestan eta ondoren Transoxiana. Haren semea hil ondoren, bi khanerritan bereizi zen berriro Turkestan. 1369an, Transoxiana konkistatu zuen Timur Langek eta Samarkand egin zuen inperioko hbru. 1500ean uzbek-en esku geratu zen khanerria. XVIII. m.an, hiru khanerritan banatua zen Transoxiana, baina estepetan bizi ziren herrien gaineko kontrola ez zen handia. 1762an, E-ko Turkestan Txinako inperioaren barnean geratu zen. XVIII. m.an, errusiarrak sartu ziren kazakhen lurretan eta gotorlekuak eraiki zituzten Aral itsasoaren ertzetan; 1865ean lurraldea konkistatu eta Tashkent egin zuten Turkestango hbru. 1881ean amaitu zuten errusiarrek M-ko Turkestanen konkista eta protektoratu gisa iraun zuten Bukhara eta Khivako khanerriek. 1906-11 bitartean, kolonia-politika berezia bultzatu zuen tsarraren lehen ministroak, eta kolono errusiar eta ukrainar asko egokitu ziren Turkestanen. 1917ko iraultzaren ondoren, Turkestan osoa biltzen zuen eremua eratu zuten sobietarrek eta 1921ean, Khiva, Kirgizia, Bukhara eta Turkestango errepublika autonomoak eratu zituzten. 1924an sortu ziren Turkmenistan, Uzbekistan, Tadjikistan, Kirgizistan eta Kazakhstango errepublika sobietarrak. E-ko Turkestan Txinako prob. bihurtu zen 1884an. Txinako iraultza komunistaren ondoren, 1950ean okupatu zuen Armada Gorriak eta 1955ean sortu zen bertan Xinjiang Uygur lurralde autonomoa.
Atzera