Uzbekistan
Asiako erdialdeko estatua. Mugak: I-an eta M-an Kazakhstan; H-an Afganistan eta Turkmenistan; E-an Kirgizistan eta Tadjikistan. Hegoaldea eta ekialdea menditsua da. Sir Daria ibaiaren inguruko haranean eta Amu Dariaren behe-ibilguan ureztapeneko laborantza da nagusi: kotoia, zerealak, barazkiak eta fruta-arbolak. Munduko kotoi-ekoizlerik handienetakoa da. Zorupeko baliabideetan joria da (kobrea, urrea, zinka, wolframioa, beruna, molibdenoa, ikatza, petrolioa eta gas naturala).
Historia. K.a. VI. m.an Zirok konkistatu zuen eta K.a. 329-28an Alexandro Handiak. Turkiarren (VI. m.) eta arabiarren (VII-VIII. m.) menpe egon zen. Mende hauetan islama zabaldu zen eta zibilizazio musulman oparoa garatu zen. XIII. m.: mongolek hartu zuten. XVI. m.: uzbekek Turkestan konkistatu eta Bukhara eta Kharezm-eko (edo Khivako) khanerriak sortu zituzten. XVIII. m.: Kokand-eko khanerria sortu zuten. XIX. m.aren erdialdean hiru khanerri hauek Errusiako inperioak bereganatu zituen. 1917: Urriko iraultzaren ondoren boltxebikeek kontseilu bat eratu zuten Tashkent-en. Urte berean uzbekek Kokand-en gobernu musulman bat eratu zuten, baina 1918ko otsailean komunistek desegin egin zuten. Ondoren Turkestango Errepublika Autonomoa sortu zen, Errusiako federazioaren barnean. 1919-22: errusiarren aurkako erresistentzi mugimendua antolatu zen, baina sobietarrek gogor zapaldu zuten. 1924: Stalinek Turkestan, Bukhara eta Kharezm-eko errepublikak talde etnikoen arabera banatzean sortu zen Uzbekistan (Tadjikistan barne) SESBko errepublika autonomo gisa. 1925: SESBko errepublika federatu bilakatu zen. 1929: Tadjikistan bereizi egin zen. 1936: Karakalpaken Errepublika Autonomoa Uzbekistani batu zitzaion. 1980ko hamarkadan krisi politiko eta ekonomiko larria gertatu zen; hazkunde demografikoak eta langabeziak etnien arteko gatazka ekarri zuen. 1990: lehen hauteskunde libreak egin ziren. 1991: Sobiet Gorenak Uzbekistanen independentzia aldarrikatu zuen (abuztuan). Urte berean Estatu Independenteen Elkartean sartu zen. Abenduko hauteskundeetan Islam Karimov komunista hautatu zuten errepublikako lehendakari. 1994 eta 1995eko hauteskundeetan I. Karimov-en Herri-Alderdi Demokrata (alderdi komunista ohia) nagusitu zen berriro, baina hauteskundeetan benetako oposizioko alderdiek ezin izan zuten parte hartu. 1997: hitzarmen ekonomikoa sinatu zuen EEBBekin.
Atzera