hauteskunde

iz. (pl.) Karguak, eta bereziki herriaren ordezkari eta mandatariak hautatzeko botazioa. Hauteskunde-barrutia. Hauteskunde-mahaia.
Hauteskunde-modu asko dago alderdi teknikoari dagokionez, eta estatuan estatuko aldaerak dituzte hauteskundeak egiteko arauek. Gauza bera gertatzen da ordezkaritza-moduari dagokionez. Demokrazia parlamentarioak berak bi ganbara antolatu ohi ditu maiz, goiko ganbara eta beheko ganbara, bata bestearen osagarri ez baina murrizgarri direla maiz. Botoa emateko eskubidea ez da unibertsala izan. Historian zehar, herri xeheak ez du eskubide handirik izan bere ordezkariak hautatzeko. Elizak eta erregeak, adibidez, batzarkide-kopuru bana aukeratzeko ahalmena zuten. Euskal Herriko Batzar Nagusiak ere ez ziren herri xehearen ordezkapen zuzena. Hautagai aurkezteko, bestalde, halako ezaugarri berezi batzuk bete behar izan dira, betiere ekonomikoak: hainbesteko errenta baten jabe izan behar zuen herritarrak, bere burua hautagai aurkeztu ahal izateko. Frantzian baino luzeago iraun zuen lege horrek Espainian, 1931n II. Errepublikak indargabetu zuen arte. Emakumezkoek, bestalde, borroka gogorra eraman behar izan dute Mendebaldean hauteskundeetan botoa eman ahal izateko eskubidea hartu arte. Erresuma Batuan, 1903an, Emmeline Pankhurst-ek emakumeen boto-eskubidearen aldeko kanpaina areagotu eta gogortu egin zuen. Hainbat mitin, aldarrikapen, manifestazio eta atxiloketaren ondoren 1917an gobernuak botoa emateko eskubidea aitortu zien 30 urtetik goragoko emakume-gurasoei. Handik hamaika urtera baino ez zuen aitortuko Erresuma Batuak emakumeen eskubide unibertsala hauteskundeetan boto-emaile izateko.




Atzera