Zamakolada
Bilbo eta Bizkaiko jaurerriaren artean sortutako gorabeheren ondorioz piztutako herri-altxamendua (1804-07). Bizkaiko jaurerriak Abandon merkataritza-portua egiteko proiektu ausarta aurkeztu zuen, baina Bilbokoek ez zuten portu lehiakiderik nahi, eta horrek sortu zuen auzia. Portu berriaren ideia sortu eta bultzatu zuena S.B. Zamakola izan zen eta berak lortu zuen Madrilen portua egiteko baimena. Madrilgo gobernuari esker ona adierazteko, foruen kontra ezarri nahi zen soldadutzaren legeari oztoporik ez jartzea proposatu zuen Bizkaiko Batzarretan. Batzarkideak guztiz ados ez bazeuden ere, proposamena onartu egin zen. Herritarrek ez zuten, ordea, ondo hartu eta desadostasuna eta haserrea nagusitu ziren. Haserrea indarkeria erabiliz azaltzen hasi ziren eta egonezina jaurerri guztira zabal ez zedin, portua eraikitzeko proiektua geldiarazteko agindua eman zuten. Zamakola eta bere jarraitzailek ihes egin behar izan zuten. Matxinatuen eskariak bi ziren: portua eraikitzearen truke soldadutzari buruzko proiektuak aurrera ez egitea eta hori Batzar Nagusietan erabakitzea. Foru Aldundian bilera-data ezarri zen, baina altxamendua jaurerri guztira zabaltzen ari zen. Zamakolaren jarraitzaileak Gernikako Batzarrean zeudela uste zuten, eta harantz abiatu eta atxilotzeko ideia zuten. Bilbora korregidorea itzuli zenean giroa lasaitu egin zen; Donostiatik eta Iruņetik zetozen tropak Bilbora iritsi zirenean, Zamakoladako gertaeretan parte hartu zutenen kontra errepresio gogorra izan zen: atxiloketak, erbesteratzeak, isunak, etab.
Atzera