akupuntura

iz. Larruazaleko puntu jakinetan orratzak sartuz gaixotasuna sendatzea helburu duen metodo terapeutiko txinatarra.
Akupunturak Txinako medikuntzan du jatorria. K.a. III. mendean sortua, mende askotan zehar praktikatuz, dinastia desberdinetako medikuek beren ekarpenekin garatu eta aberastu egin dute. Antzinako Txinako filosofiako yin eta yangaren teoria kosmiko dualistan oinarrituz eratu zen.
Yin pasiboa eta iluna da eta Lurra da bere adierazgarri. Yang aktiboa eta argia da eta zerua da bere adierazgarri. Yin eta yangaren indarrek giza gorputzean eta unibertsoan dihardute. Gaixotasuna edo asaldura fisikoa bi indar hauek gorputzean duten desorekaren ondorio da eta medikuntza txinatarraren helburua yin eta yanga orekan jarriz pertsona sendatzea da. Yin eta yangaren desoreka jiak edo gorputzaren energia esentzialak behar bezala ez zirkulatzetik dator. Energia hori gorputzeko 12 meridiano edo kanaletatik barrena doa, horietako bakoitza biszera bati (giltzurruna, bihotza, etab.) loturik dagoelarik. Akupuntura yin eta yangek kanaletan duten banaketari eragiteko diseinatua dago, horrela chia libre eta harmonian zirkulatzeko gai delarik.
Hamabi oinarrizko meridiano eta beste meridiano bereizituetako gorputzeko hainbat puntutan metalezko orratzak sartuz praktikatzen da akupuntura. Puntuen kokapena hainbat diagrama eta eredu erabiliz ikasten da. Aipatu puntuetan orratzak sartuz gorputzeko energiak zirkularazten dira horrela indar positibo eta negatiboen arteko oreka lortzearekin batera gorputzaren gaixotasuna sendatuz. Orratzek gezi-formaren antzeko punta edo forma berezirik gabeko punta oso fina eduki dezakete. Gaur egungo orratzak altzairu herdoilgaitzezkoak, zilarrezkoak edo urrezkoak dira eskuarki eta 3-10 mm bitartean ziztatzen dira.
Akupuntura sarritan mina alderatzeko erabilgarri dela ikusi da eta Txinan, esaterako, ebakuntzetan anestesia gisa erabiltzen da.
Mendebaldean Georges Soulié de Morant izan zen 1930. urtearen inguruan terapeutika hau Europan sartu zuen lehenetakoa.




Atzera