kosmiko
izond. 1. Kosmosari dagokiona. 2. Eguzki-irteerarekin batera gertatzen den astro-sarrerari esaten zaio. • izpi kosmiko (pl.) edo erradiazio kosmiko. FIS. Espazioa norabide guztietan zeharkatzen duten energia handiz kargatutako partikulen multzoa, nagusiki (% 99) hidrogeno- eta helio-nukleoz osatua.
Izpi kosmikoak abiadura eta energia handiko partikulak dira, nukleo atomikoak nagusiki, baina baita elektroiak eta positroiak ere. Partikula batzuk Eguzkitik datoz, baina gehienak eguzki-sistemaz harainditik datoz, izarrarteko espaziotik. Haien jatorria ez dago oso argi, baina supernoben leherketak, pultsareak eta kuasareak erradiazio kosmikoaren iturri dira; baita Eguzkiaren erupzioak ere.
Hidrogeno- eta helio-nukleoak dira izpi kosmikoen osagai nagusiak, baina litio-, boro- eta berilio-nukleoak ere badaude; erradiazio kosmikoaren jatorrian zeuden nitrogeno-, karbono- eta oxigeno-atomoek izarrarteko materiako partikulekin talka egin eta haustean sortu ziren haiek. Izpi kosmikoen energia milioika elektronvolt-etik (106 eV) milioika bilioi elektronvolt-era (1020 eV) bitartekoa da; energiarik handieneko partikulek metro batzuetako lodierako berunezko horma bat ere zeharkatuko lukete.
Erradiazio kosmikoa Lurreko atmosferara iristen denean energia galtzen du aireko oxigeno- eta nitrogeno-atomoekin talka egitean eta airea ionizatu egiten du atmosferaren goi-geruzan. Aireko nukleo atomikoak desintegratu ere egin ditzakete, argi-erradiazioa, X izpiak eta gamma izpiak igorriz. 15 km-ko altitudearen azpitik erradiazio kosmikoa oso motelduta dago eta ez da arriskugarria hegazkinentzat, baina hortik gora irrati-uhinetan perturbazioak eragin ditzakete eta arriskutsuak dira; horregatik, astronauta eta espaziontziak babestu egin behar dira izpi kosmikoetatik.
Atzera