duna
iz. Haizeak edo urak garraiatutako partikulez (gehienetan harea) eratutako muinoa. • duna paraboliko. Parabola-itxurako fronte kurbatua duena.
Dunen altuera (h) 5 cm-tik gorakoa izaten da; hori baino txikiagoei ripple esaten zaie. Handienek berriz, ehun metro baino gehiagoko altuera izan dezakete. Elkarren ondoko bi dunen arteko distantzia (uhin-luzera) metro batetik dozenaka kilometrora bitartekoa izaten da. Dunaren desplazamendua korrontearen norantza berberean gertatzen da gehienetan. Formaren aldetik, gailurraren eta profilaren arabera alegia, hainbat duna-mota dago. Gailurrak, zuzenak, bihurgunetsuak, ilargi-formakoak, etab. izan daitezke eta, gehienetan, korrontearekiko elkarzut kokatzen dira. Dunaren profil edo soslaia simetrikoa edo asimetrikoa izan daiteke, baina arruntena asimetrikoa da. Duna asimetrikoan bi isurialdeak desberdinak dira: haizaldea (haizeak edo ur-korronteak jotzen duen aldea) malda txikikoa eta luzea da. Haizebea (babesean dagoen aldea) berriz, maldatsua (gehienez 30-35º-koa) eta laburra. Lurreko dunak, aire zabalekoak alegia, basamortuetan eratu ohi dira; baita hondartzetan ere, itsasgoraren ur-mailatik gorako eremuetan. Urpeko dunak ibai, aintzira, zein itsasoetan eratzen dira. Dunak higitu egiten direnez, inguruko eremuak estali egin ditzakete eta kalteak eragin. Dunen migrazioei aurre egiteko erabili ohi den bideetariko bat landareak sartzea da, landareek harearen higitzeko joera galarazi egiten baitute.
Euskal Herrian, Lapurdiko kostaldean, Zarautz eta Muskizen ageri dira.
Atzera