gerriko

iz. 1. Gerria lotzeko edo jantziak gerrian lotzeko erabiltzen den zerrenda edo xingola. 2. (hed.) Zerbaiten inguruko hainbat egiturari eman ohi zaion izena. Bilboko Burdin Gerrikoa. Eguzki-sistemako asteroide-gerrikoa. 3. ANAT. Ornodunen gorputz-enborraren atzeko eta aurreko muturretan besoei eta hankei eusten dieten eraztunak, hezurrez eta kartilagoz osatuak. 4. KIR. Zenbait kiroletan, jantziei eusteaz gain bereizgarri modura gerrian lotzen den kolorezko zerrenda edo xingola. Judoan, gradu edo mailak bereizteko erabiltzen dira: zuria, horia, laranja, berdea, urdina, marroia eta beltza. Pilota-partiduetan, aurkako pilotari edo taldeak bereizteko: gorria eta urdina (zenbaitetan gorria eta berdea); normalean gerriko gorria maila hobea duen pelotariak eramaten du. • erradiazio-gerriko. ASTRON. Planeta baten magnetosferako eremua, delako planetaren inguruan gerriko-antzeko bat eratzen duena eta energia handiko partikulak bereganatzen dituena. || pelbis-gerriko. ANAT. Ornodunen atzeko gorputz-adarrak lotzen dituen aldaka inguruko kartilagozko edo hezurrezko eskeleto-eraztuna. || sorbalda-gerriko. ANAT. Ornodunen aurreko gorputz-adarrak lotzen dituen sorbalda aldeko kartilagozko edo hezurrezko eskeleto-eraztuna. • GERRIKOA EGIN (zuhaitz bati). Gerriaren inguru guztian azala ebaki, lehor dadin.



Atzera