historiaurre
iz. 1. Gizakiaren sorreratik dokumentu idatziak azaldu bitarteko garaia. 2. Garai horretako gizakiari dagozkion gertaera eta bilakabidea aztertzeaz arduratzen den jakintza.
Historiaurrea Abbevilleko indusketa-lanekin jaio zen zientzia gisa XIX. m.an, zientziaren garapenak antzinako aztarnen ikerketa zehatza ahalbidetu zuenean. Bi aro nagusi bereizten dira: Harri-Aroa eta Metal-Aroa, bien arteko muga metalen lanketaren hasiera izanik. Lehena Paleolito, Mesolito eta Neolitoan dago banaturik. Hiru azpiaro hauetan harriaren lanketan oinarritutako kulturak sortu ziren, gero eta material landuagoak eta leunduagoak erabiliz; aro honetako fenomeno nagusia Paleolitoan ehiztari eta biltzaile hutsa zen gizaki hura Neolitoan nekazaritza eta abeltzaintzari lotzea izan zen. Ondoren Eneolitoa heldu zen eta honen jarraian Metal-Aroa bere bi azpiaroekin: Brontze-Aroa eta Burdin Aroa. Metal-Aroaren amaierak ematen dio hasiera historiari. Aro guztion ezaugarri diren aldaketak ez ziren garai kronologiko berean gertatu herri eta kultura guztietan. Neolitoa Ekialde Hurbilean hasi zen (K.a. 9000) eta bertatik gainerako herrietara zabaldu zen (Europan, K.a. 4000-3000). Euskal Herrian historiaurreko aztarna ugari aurkitu dituzte ikertzaileek han-hemen leize eta harpeetan barreiaturik. Ezagutzen diren lehen aztarnak Goi-Paleolitokoak dira (duela 100.000 urtekoak), Madeleine aldikoak hain zuzen, besteak beste Santimami-en Eguren, Arantzadi eta Barandiaranek XX. mendearen hasieran eginiko lanei esker aurkitutakoak. Euskal historiaurrea gehien eta sakonen aztertu izan duena Jose Migel Barandiaran da, eta haren Euskalerriko leen-gizona liburuak biltzen ditu gure arbasoen bizimoduen nondik norakoak.
Atzera