metamorfosi

iz. 1. BIOL. Zenbait animaliaren (intsektu, anfibio, etab.en) garapenean enbrioi- eta heldutasun-faseen artean gertatzen den formaren eta egituraren aldaketa. 2. (hed.) Pertsona edo gauza baten izaeran edo egoeran aldaketa nabaria gertatzea.
Metamorfosia oso talde desberdinetako animalietan aurki daiteke: hainbat anfibio adibidez, zapaburu urtar izatetik heldu lehortar izatera igarotzen da; itsas izarren eta beste hainbat ekinodermaturen kasuan, bi aldeko simetria duten larbak simetria erradialeko heldu izatera igarotzen dira. Krustazeoek, moluskuek eta urokordatuek ere metamorfosia izan ohi dute beren bizi-zikloetan. Intsektuena da, ordea, gehien aztertu dena eta haien bizi-zikloei so eginez, hiru talde bereizi dira: ametaboloek ez dute metamorfosi nabaririk; hemimetaboloek arrautza, ninfa eta heldu faseak iragaten dituzte, esate baterako matxinsalto, termita eta tximitxek; holometabolo edo endopterigotoek arrautza, larba, pupa eta heldu edo imago faseak iragaten dituzte, esaterako, kakalardo, tximeleta, sits, euli eta liztorrek.
Metamorfosian, kanpo-itxuran gertatzen diren aldaketez gain, aldaketa fisiologikoak, biokimikoak eta portaera-aldaketak gertatzen dira. Horiei esker, gazteek (larbek) eta helduek ingurune desberdinetan bizi daitezke eta baliabide desberdinak erabil ditzakete; horrenbestez, ez da elkarren arteko lehiarik gertatzen.




Atzera