anfibio

1. izond. Uretan eta uretatik kanpo bizi daitekeena. 2. izond. Uretan eta lehorrean ibil daitekeen ibilgailua. 3. iz. eta izond. ZOOL. Larba-aldian zakatzak eta heldu-aldian normalean birikak dituen ornodun anamniotoa. Indibiduo heldua lau hankaduna da eta ezkatarik gabeko larruazalaz hornitua egoten da. Igelak, apoak, uhandreak, etab. bere baitan hartzen dituen Amphibia klasea osatzen dute.
Anfibio terminoa grekoko amphibios hitzetik dator eta "bizitza bikoitza" esan nahi du. Izan ere, mota honetako ornodunek bizitza bikoitza egiten dute, hau da, lurtar eta urtar dira aldi berean. Beren arrautza eta larbak uretan garatu ohi dira, nahiz eta oro har, anfibio gehienak lehorrean bizi izan.
Guztiek dute beti hezetasunaren beharra, bestela hil egiten dira. Ia guztiek birika sinpleak dituzte, zaku-itxurakoak, baina batzuek larruazalean zehar edota ahoko mukosaren bitartez ere arnasten dute. Bihotza hiru gelatan zatitua dute eta gorputzeko tenperatura automatikoki egokitzen dute ingurunearen arabera. Ipar hemisferioko anfibioek loaldia iragaten dute neguan. Intsektu, zizare eta beste animalia txiki batzuk janez elikatzen dira.
Anfibioak hiru sail nagusitan banatzen dira: apodoak, kaudatuak eta anuruak. Ornodun hauen artean ugalketa-motak ugariak dira. Kaudatuetan bakarrik ematen da barne-ernalketa, organo kopulatzailerik gabe gertatzen dena, gainerakoetan ernalketa kanpoan burutzen delarik. Errunaldia eta sortzen diren larben hazkuntza uretan gertatzen da, larben metamorfosi-garaia iristen den arte. Askok era bitxian hazten dituzte beren umeak. Darwin igelaren espezieko arrak adibidez, ahoko zorroan eramaten ditu arrautza ernalduak, ireki eta umeak ahoan salto egiten dioten arte. Aipagarria da, baita ere, metamorfosirik jasatzen ez duten larben kasua: hauek larba-itxura galdu gabe iristen dira heldutasun sexualera eta ugaltzeko gai izatera. Prozesu honi neotenia esaten zaio, eta berau jasaten dutenen artean bi espezie dira ezagunak: axolote amerikarra eta proteo europarra.




Atzera