ernalketa

iz. BIOL. Ernaltzeko ekintza. Ugalketa sexualean gertaturiko gameto arraren eta gameto emearen arteko fusioa, zigotoa eratzen duena. • ernalketa artifizial. Baldintza naturaletan burutzen ez dena, horretarako erabili den metodoa edozein izanik ere (dela partenogenesi eragina zein intseminazio artifiziala). || ernalketa gurutzatu. Autoernalketa posible denean, espezie bereko ale desberdinen gametoen arteko fusioa; ostera, botanikaren alorrean, espezie desberdineko aleen artean suertaturiko ernalketa. || ernalketa in vitro-ko. Ernalketa artifizialaren modu bat. Obulua emearengandik at ernaltzen da kultibo-ingurune egokian, geroago uteroan ezartzen da zigotoaren segmentazioaren lehen urratsen ostean, bertan gerta dadin enbrioiaren gainerako garapen-prozesua.
Zelula sexualen fusio-prozesua da ernalketa, halako moldez non guraso bietatik eratorririkoa izango baita eratuko den ale berriaren potentzial genetikoa. Beraz, ernalketa zeregin bitan engaiaturik dagoela esan daiteke: sexualitatean (gurasoen geneen konbinazioan) eta ugalketan (bizidun berri baten kreazioan). Ugalketa asexualaren kasuan, ale berrien eraketarako zatiketa zelular guztiak mitotikoak dira soilki, eta horrexegatik gurasoen ezaugarri hereditario berberak mantentzen dira ondorengoetan; ostera, ugalketa sexualean, beste era batera bada ere, meiosi-prozesuak burutzen dira gameto haploideak itxuratuz, eta hortaz, genetikoki desberdinak diren bi gurasoren informazioa biltzen da kumeen hornidura kromosomiko diploidean, eraniztasunari bidea emanez.
Badaude kultur erroez osaturiko zenbait berba ernalketa-prozesuaren urratsak nahiz esku hartzen duten gametoen mota desberdinak izendatzeko. Besteak beste, singamia, gametogamia eta hilogamia esaten zaio gametoak batzeari; kariogamia terminoa erabiltzen da gametoen nukleoen fusioa aipatzeko; kariomixia deritzo gametoen nukleoetako material genetikoak elkarrekin nahasteari. Isogamiaz mintzo da, ernaltzen ari diren gameto biak itxuraz eta tamainaz berdinak direnean; beraien arteko alde morfologikorik ez dagoenez, gameto + (emaile) eta gameto - (hartzaile) gisa izendatzen dira, eta alga askotan eta behe-mailako onddoetan beha daiteke. Anisogamiaren kasuan, sexu desberdineko gametoak tamainaz bereiz daitezke eta hau arrunta da goi-mailako algetan eta behe-mailako onddoetan; anisogamiaren kasuan makrogametoak emetzat jotzen dira eta artzat mikrogametoak. Azkenik, oogamia deritzo makrogameto eme higiezinaren eta mikrogameto ar higikorraren arteko ernalketari; metazooen eta behe-mailako landareen ezaugarria da.
¥ Protisto eta landareen ernalketa. Oso kasuistika zabala dago bizidunen multzo bi horietan. Hainbat fenomeno bereizi behar dira:
1) Gametogamia gameto nukleobakar biren fusioari deritzo (zitoplasma eta nukleoen fusioari).
a) Hologamia indibiduo unizelular normalekiko bereizten ez diren gameto biren fusioa da; fenomeno honen barruan sailka daitezke Chlamydomonas klorofitoen zenbait jokabide, Spirogyra alga pirukara edota Actinophrys heliozooa.
b) Merogamiaren kasuan ernalketa ez da indibiduo unizelular osoen artean gertatzen, baizik eta berauek ekoitziriko (eta eurak baino txikiago diren) gametoen artean. Gametoak gametangioetan eratzen dira. Protisto esporozooak eta fitoflagelatuak ernaltzen dira merogamia bidez. Halaber, alga, goroldio, iratze eta, batez ere, gimnospermo eta angiospermoak metodo honen bidez ernaltzen dira.
2) Gametangiogamia deritzon fenomenoan ez da gametorik ekoizten, eta gametangio nukleoanitzak eurak dira fusionatzen direnak. Ernalketa anizkoitz hau, era berean, isogamoa izan daiteke, ugal-organo berdinen artean gertatzen den kasuan (esate baterako, Mucor onddo eumikoto zigomizetean), edo anisogamoa onddo askomizeteetan.
3) Somatogamia deritzona gametangiogamiaren muturreko kasutzat jo daiteke, zeren ernalketa, oraingoan gametangioen eraketarik ez dagoela, zelula somatiko normalen artean gertatzen baita eta meiosia geroago garatuko da. Fenomeno hau onddo basidiomizeteetan behatu da.
¥ Animalien ernalketa. Metazooen kasuan oso gametogamia merogamo eboluzionatua aurkitzen da, hots, oogamia. Ernalketaren xehetasunak espezieen arabera guztiz desberdinak badira ere, nola edo hala beti agertzen dira ondoko lau ekintza nagusiak: a) Espermatozoide eta obuluaren arteko ukipena; esan gabe doa, espezie berekoak izan behar dutela. b) Espermatozoideen barneraketaren erregulazioa: espermatozoide bakar batek ernaltzen du obulua, eta gainerako espermatozoideak iraitzi egin behar dira. c) Espermatozoidearen eta obuluaren material genetikoen fusioa. d) Zigotoaren metabolismoaren aktibazioa, segmentazioa eta osteko garapena has daitezen.
Espermatozoide gehienek igerian egin dezakete, baina gaitasun horrek distantzia motzetarako balio du soilik. Horrela izanik, gameto ar eta emeen arteko topaketa errazteko, hau da, ernalketaren probabilitatea emendatzeko, metazoo gehienek zenbait bide jorratu dituzte gametoen hurbilketa errazteko, aldi berean inguruneko baldintza galgarrietatik babestuz. Izatez, gametoak kanpo-ingurunean fusiona daitezke: fenomeno honi kanpo-ernalketa deritzo eta soilik uretan da posible; alabaina, emearen gorputzaren baitan ere elkar daitezke eta orduan barne-ernalketa izango da. Xehetasun gehiagoz adieraziz:
1) Kanpo-ernalketa akoplamendu gabekoa: espermatozoideak eta obuluak inguruko uretara askatzen dira kopuru handitan eta bertan suertatzen da fusioa; nolanahi ere, badaude sexu bien gameto-ekoizpenak eta -askapenak sinkronizatzeko mekanismoak (fotoperiodoaren bidez, marea-zikloen bidez...). Hainbat animali taldetan burutzen da ernalketa-mota hau: knidarioetan ekinodermatuetan, itsasoko molusku eta anelidoetan, arrainetan.
2) Kanpo-ernalketa akoplamenduduna: anfibio anuruena da ezagunena; igel arra emearen gainera igotzen da eta besarkaturik mantentzen du luzaroan, halatan non, espermatozoideak isurtzen baitizkie emeak uretara ezari-ezarian askatzen dituen obuluei. Lur-zizareen kasuan, akoplamendu ostean errezeptakulu seminaletan gorde diren espermatozoideek, kliteloak eratutako zibotean ernalduko dituzte obuluak.
3) Barne-ernalketa zuzena: hauxe da motarik arruntena; espermatozoideak zuzenean transferitzen dira ugal-irekigune maskulinotik femeninora. Batzuetan, irekigune biak elkarren kontra atxiki daitezke besterik gabe (hegaztietan bezala), edo bestela arraren hodi deferentea organo kopulatzaile batera irekitzen da (zakila), zeina emearen ugal-irekigunean barneratzen baita (platihelminte, hirudinoideo, gastropodo, intsektu eta ugaztunetan, besteak beste).
4) Barne-ernalketa ez-zuzena: oro har, soilik uretan edo ingurune oso hezeetan da posible; obuluak emearen baitan ernaltzen dira, baina espermatozoideak denbora-tarte batez ugal-hodietatik kanpo egongo dira. Adibide bat arestian aipaturiko ernalketa hipodermikoa izan daiteke. Beste bi aukera daude:
a) Organo kopulatzaile sekundarioak: ugal-aparatuaren hodi deferentearen parte izan barik ere, espermatozoideen transferentziarako balio dute. Molusku zefalopodo ar askok hektokotilo deritzon beso kopulatzailea dute, zeina emearen barrunbe palialera sartzen baitute; ostean, uzkurketa-uhinen bitartez espermatoforo bat (espermatozoidez beteriko zakua) bidaltzen dute hektokotiloko ildoan zehar emearen ugal-irekiguneraino. Beste zefalopodo batzuetan beso kopulatzailea autotomizatu egiten da, deslotu, alegia. Armiarmen kasuan, heldutasun sexuala iritsitakoan, arren pedipalpoetako azken giltzartea organo kopulatzaile bihurtzen da: akoplamendu aurretik espermatozoidez betetzen dute, gero berauek emearen ugal-irekigunean askatzeko.
b) Espermatoforoen transferentzia ez-zuzena: uhandreetan behatu da; arrak emearen kloaka berak jarritako espermatofororaino hurbiltzen du gorteiuko kilimusien bitartez. Bestalde, artropodo lurtarren artean zenbait portaera deskribatu dira progresiboki barne-ernalketa zuzenerantz doazenak. 1) Lurzoruko espezie txikerretako arrak espermatoforo bakunak ereiten ditu zoruan, emeak bertan ez daudela; berauek geroago feromonez kimiotaktikoki erakarriko dira, arrak parte hartu gabe. 2) Espezie batzuetan arrak espermatoforo konplexuagoak ereiten ditu emearen aurrean (bikotekidearen identifikazioa bisual bihurtuko da gradualki); parekatzea zorizkoa izan daiteke edo erakargailu kimiko eta ikusmenezkoez, baina ez dago akoplamendurik. 3) Arrak espermatoforo konplexua askatuko du eta emearekin kolaboratuko du beronek espermatoforoa ugal-hodien sarreran koka dezan. 4) Espezie batzuetan, arrak sinplifikazioz bakuna den espermatoforoa barneratzen du emearen ugal-hodietan, eta dagoeneko barne-ernalketa zuzenaz mintza daiteke, espermatozoideen transferentzia zuzena ez bada ere.




Atzera