meiosi

iz. BIOL. Zenbaki kromosomikoa diploidetik haploidera murrizten den zatiketa zelularra.
Meiosia gametoak eta esporak sortzen dituen prozesua da. Prozesu horretan, bi zatiketa zelular gertatzen dira elkarren segidan eta, ondorioz, lau zelula sortzen dira ama-zelula bakar batetik. Zelula sortu berri horiek ama-zelularen kromosoma-kopuruaren erdia izaten dute, hau da, organismoaren gainerako zelulen kopuruaren erdia. Zatiketa meiotiko bakoitzak lau fase ditu: profasea, metafasea, anafasea eta telofasea.
Lehen zatiketako profasearen hasieran kromosomek biru luze eta meheen itxura hartzen dute. Profasea aurrera joan ahala, sinapsiak eratzen dira kromosoma homologoen artean eta apurka-apurka, kromosomak laburtu eta zabaldu egiten dira. Profasearen amaieran, kromosomak bikoiztu egiten dira eta, ondorioz, lau kromatidaz osatutako egiturak, tetradak, eratzen dira; une horretan zelula metafasean dagoela esaten da. Kromosoma-pare bakoitzak tetrada bat eratzen du eta, beraz, zenbaki haploidea adina tetrada sortzen da (gizakian, adibidez, 23 sortzen dira). Hori guztia gertatu bitartean, zentrioloa bitan zatitzen da eta zati bakoitza zelularen mutur batera joaten da; ardatz akromatikoa sortzen da bi zentrioloen artean eta nukleo-mintza desagertu egiten da. Gero, tetradak ardatz akromatikoaren erdialdean jartzen dira eta anafasea hasi dela esaten da. Anafasean, tetradak desegin egiten dira eta eratutako bikote bakoitza zelularen mutur baterantz joaten da. Horrela telofasea hasten da. Fase horren hasieran, zelularen mutur bakoitzean, zenbaki haploidea adina kromosoma bikoitz egoten da. Geroxeago zitoplasma bitan zatitzen hasten da eta zelularen alde bakoitzeko zentromeroak ere bitan zatitzen dira. Ondorioz, bi kromatidaz osatutako kromosoma-kopuru haploidea duten bi zelula sortzen dira.
Bigarren zatiketa meiotikoko profasea ia jarraian hasten da eta oso laburra izaten da. Fase horretan ardatz akromatiko berriak sortzen dira. Ondoren, kromosomak ardatz akromatikoaren erdialdean jartzen dira eta orduan, zelula metafasean dagoela esaten da. Jarraian, anafasean, kromosomen zentromeroak zatitu egiten dira, kromosoma horiek osatzen zituzten$$ädetako bakoitza zelularen mutur batera joaten da eta bigarren telofasea hasten da. Azken fase horretan, bi zeluletako mutur bakoitzean kromatida bakar batez osatutako kromosoma-joko bana egoten da (hau da, kromosoma-kopuru haploidea egoten da zelula bakoitzeko mutur bakoitzean). Ondoren zelula horiek zatitu egiten dira eta lau zelula haploide sortzen dira. Azkenik, kromosomak luzatu eta kromatina-zuntz bilakatzen dira eta bitartean, nukleo-mintz bana agertzen da lau zelula berrietako bakoitzean.




Atzera