hodi

iz. 1. Edozein fluido ez-elektriko (kea, airea, lurrina, gasa, ura, etab.) eramateko bidea, gehienetan itxia; eroanbidea. 2. KIM. Beirazko tresna edo ontzi estua, hainbat erabilpen dituena. Mota asko daude eta laboratorioetako oinarrizko tresnetako bat da. Ik. saiodi. 3. BIOL. Egitura anatomiko edo morfologiko baten zati zilindriko eta hutsa. • digestio-hodi. ANAT. Ahoaren eta uzkiaren arteko tutua, elikagaiak irensten eta digeritzen dituena. Bertatik janaria gorputz barnera zurgatzen da. || elektroi-hodi edo hodi elektroniko. ELEKTRON. Huts-maila altua duen edo gas batez beteriko gailu elektronikoa, bertako bi elektrodo edo gehiagoren arteko elektroi-jario kontrolatuan oinarritzen dena. Erabilpen ugari du (anplifikazioa, korronte zuzena alterno bihurtzea edo alderantziz, etab.). || hodi katodiko edo izpi katodikoen hodi. ELEKTRON. Hodi-formako gailu elektronikoa, barnean huts-maila handia duena. || huts-hodi. ELEKTRON. Barnean huts-maila altua egin dene elektroi-hodia (huts-balbula ere deitua). Elektroi-fluxua igorpen termoionikoaren ondorioz gertatzen da. || odol-hodi. ANAT. Odol-basoa. || polen-hodi. BOT. Polena estigmari lotzen zaionean sortzen den luzakina, obulurantz hazten dena eta ernalketan parte hartuko duten nukleo arrak eramaten dituena.
¥ Elektroi-hodia beirazko edo metalezko hodia da, barnean hiru osagai nagusi dituena: elektroiak igortzen dituen katodo bero bat, elektroi-sortaren norabidea eta iragatea kontrolatzeko balio duen eta polarizazio aldagarria duen elektrodo bat (kontrol-saretxoa) eta anodo bat. Elektronikaren garapenarekin batera, elektroi-hodi mota asko sortu ziren eta haien egitura konplexutu egin zen (tetrodo, pentodo, etab.). Gainera, hodiaren barnean gasa sarturik, gasaren ionizazioaren ondorioz, fenomeno berriak agertu eta erabilpen berriak aurkitu dira. Horretan oinarritzen dira deskarga-lanparak (lanpara fluoreszenteak, merkurio-lurrinezko lanparak, etab.) eta tiratroiak adibidez.
¥ Izpi katodikoen hodiaren mutur batean elektroi-iturria (elektroi-kanoia) dago -katodoa-. Han sortzen den elektroi-sorta (izpi katodikoak) orientagarria da eta beraren intentsitatea kontrolatu egin daiteke. Hodiaren beste muturrean, katodoaren aurrean, gainazal luminiszentea duen plaka bat dago. Elektroi-sortak plakari erasotzen dion gunean plaka argiztatu egiten da eta, elektroi-sorta kontrolatuz, plakan argiztatuko diren puntuak eta haien posizioa kontrola daitezke, plakan irudi mugikorrak sortaraziz. Hodi katodikoa da telebista, osziloskopio, ordenadore-pantaila eta antzeko tresnen osagai nagusia.
hodibihur




Atzera