ornodun
adj. eta iz. ZOOL. Kordatuen filumeko zenbait animaliaz esaten da. Endoskeleto segmentatua eta nerbio-kordoi dortsal kofaduna dute, bizkarrezurra alegia. Zefalizazio nabarmenekoak dira eta garuna babesteko kranioa dute. Bere baitan arrain, narrasti, anfibio, hegazti eta ugaztunak hartzen dituen Vertebrata subfiluma osatzen dute.
Ornodunak oso arrakastatsuak suertatu dira bizimodu erabat desberdinetan, izan ere, itsasoko uretako eta ur gezatako ia txoko guztietara moldatuta egoteaz gainera, lur lehorreko erresuma osoa bete dute eta aire-esparrua ere bereganatu dute. Kanbriarraren hasieratik eta kordatuak agertu zirenetik, Burgess Shale-ko Pikaia fosilak iradoki duenez, ornodunen oinarrizko gorputz-diseinuak hainbat aldaketa izan ditu, eta ondoz ondoko eszenategietako baldintzetara bete-betean doitu da. Horrela, beraz, segitu duten ibilbide ebolutiboak azaltzen du taldearen irradiazio morfologikoa, betiere, oinarrizko diseinu berean gauzaturikoa.
Oniritzi zabala lortu duen Garstang-en hipotesiaren arabera (1928), zefalokordatu eta ornodunak tunikatuen larbatik eratorri ziren, eta hori neotenia bidez; horrela, estadio heldu sesila utzita, larba igerilariak bere ildo ebolutibo propioa urratu zuen, aldean ornodunen antolakuntza-plana eramanez. Nolanahi ere, lehen ornodun fosilak, hots, ostrakodermo ordobiziarrak, kreatura txiki eta barailagabeak ziren, itsas hondoko biztanleak; arrain antzestral horiek Agnatha klasean sailkatu dira. Agnatu gehienak suntsituta daude eta egun bizi diren talde honetako ordezkari bakarrak lanproiak dira, gutxi gorabehera 50 espezie denetara. Baraila eta hegats bikoitien eza dela eta, agnatuek aktibitate gutxiko bizimodua dute, eta iragazle, hematofago edo sarraskijaleak dira. Irizpide dikotomikoa erabiliz, baraila edukitzearren bereizitako gainerako ornodun guztiak Gnathostomata taxonean bildu dira, eta gnatostomatuez mintzatu ohi da.
Barailaren abantailak bistakoak dira, besteak beste harraparitzarako bidea errazten duelako; bestalde, gorputz-forma hidrodinamikoaren lorpen ebolutiboak higikortasuna emendatu zuen, hegats bikoitiak ezinbestekoak izanik egonkortasuna bermatzeko. Egungo arrain barailadunak klase bitan sailkatu dira: Chondrichthyes eta Osteichthyes. Kondriktieen taldekoak marrazo eta arraiak dira, denetara 700 bat espezie bizi; oso antzinako taldea da, Deboniar goiztiarrekoa, eta duen ezaugarririk nabarmenena soilik kartilagoz osaturiko eskeletoa da. Ostera, arrain osteiktieen eskeletoa hezurrezkoa da gehien bat; denetara, 20.000 espezie dira, subklase bitan banatuak: hegats erradiodunak dituzten aktinopterigioak (arrain gehienak dira talde honetakoak) eta hegats lobulatu haragitsuak dituzten sarkopterigioak (zelakanto eta birikarrainak).
Orain arte aipatutako ornodun guztiak normalean "arrain" berbaz izendatzen badira ere, argi geratu da, lanproi, marrazo eta gainerakoen artean desberdintasun morfologiko handiak daudena. Horrela izanik, Pisces klasea zaharkitutzat jotzen da egun, eta itxuraz berdin-antzekoak diruditen arrainak hiru klase desberdinetan sailkatu dira, ikusi denez.
Lur lehorreranzko trantsizioa ere urrats erabakigarria izan zen ornodunen eboluzioan, mundu berri bat erdietsi baitzuten. Alabaina, ingurune lurtarrera moldatzeak beste hainbat aldaketa estruktural eta funtzional derrigortu zituen ornodunen gorputz-diseinuan, erabat desberdinak baitira uretako eta lurreko baldintza fisikoak. Airean grabitatearen indarra nabarmenagoa denez, lur lehorreranzko bidea urratu zuten lehen ornodunek, besteak beste, substratu gainetik ibiltzeko soinadarrak lortu behar zituzten, eskeleto gotorragoaz gainera. Garatu beharreko moldaketa hain handia izanik, ornodun lurtarren eboluzioa, hots, tetrapodoena, ingurune berri horrekiko doitze-prozesu etengabea gertatu da. Zelakantoaren antzeko arrain krosopterigio fosilek eman zituzten kolonizaziorako lehen urratsak; seguraski, arrain horien hegats lobulatu bikoiti indartsuak egokiak ziren zingiretan herrestan ibiltzeko sikateetan, eta beraz aurremoldaturik zeuden lurreko bizimodurako. Anfibioak izan ziren lerro ebolutibo horren ondorengoak (Amphibia klasea), eta lurreko ingurune urtsuetara mugatuta daude; ia 3.000 espezie dira gaur egun igel, apo, arrabio eta uhandreen artean. Anfibioek makina bat adaptazio lortu dute bizimodu lurtarrerako, baina aldi berean arrainen ezaugarri batzuk gorde zituzten, esate baterako, ugaltzeko uretara itzuli beharra.
Narrastiek (Reptilia klasea) aurrera egin zuten krosopterigioek hasitako lurreranzko prozesuan, izan ere, narrastiak anfibioak baino habitat askoz lehorragoetan bizi daitezke, baita basamortuetan ere. Aurrerakada honen azpian narrastiek garatutako arrautza dago, zeinak, amnios deritzon mintzari esker, ur-putzu batean balego bezala babesten baitu enbrioia. Hau da, narrastiek urarekiko estekamendua laxatu zuten hein handi batean, baina, hala ere, gorputz-tenperatura ingurunekoa baino gorago mantendu ezin dutenez (gai hau oso eztabaidatuta dago dinosauruei dagokienez), sakabanatzea mugatuta daukate. Edonola ere, ondo moldatuta daude lehorrean; areago, hainbat narrasti fosilek airea konkistatu zuten (pterosaurioek). Denetara 6.000 espezie bizi deskribatu dira (musker, sugandila, suge, dortoka, krokodilo, etab). (Ik. narrasti).
Hegaztiena da ornodun lurtarren talderik zabalena (Aves klasea); 8.700 espezie bizi deskribatu dira poloetatik ekuatoreraino, zein goi-mendietan, basamortuetan edo oihanetan. Arrakasta hori, batetik, barne-tenperatura iraunkorra lortzean eta, beraz, ingurune-aldaketak hobeto jasatean oinarritu da, eta bestetik, hegan egiteko gaitasunean. Bi ezaugarri horiek homogenotasun handia ezarri dute hegaztien artean, bai oinarrizko egiturari dagokionean (gorputz aerodinamikoa) eta bai fisiologiari dagokiola ere (gastu energetiko itzela). (Ik. hegazti).
Ornodunen talde guztietatik ugaztunak (Mammalia klasea) partikularki interesgarriak dira gizakiarentzat, berau ere ugaztuna baita, bere etxabereak bezalaxe. Nahiz eta ugaztunak klase oso zabala ez izan (4.100 espezie bizi), talde eranitza itxuratu dute: arrautzak erruten dituen ornitorrinkoetatik hasi eta karena duten ugaztun plazentalioteraino (berauek ere zenbait gramoko baino ez den satitsu nanotik 100 tonako balea urdinerainoko espektro galanta erakusten dute), koala, kanguru eta bestelako ugaztun martsupialioetatik igaroz. Ugaztunak oso ornodun bizkorrak dira, oso tasa metaboliko altua dutenak. Kume gutxi egiten dituzte, baina denbora eta energia asko inbertitzen dute haiek zaintzen. Jarduera handiagoa eta kumeen garapena izan dira ugaztunen eboluzioaren giltzarri, eta hori dela eta talde honen anitz ezaugarri beroriekin erlazionaturik agertzen dira. (Ik. ugaztun).
Atzera