tolteka

iz. eta izond. Erdialdeko Amerikako herri amerindiar bateko kidea, nahuen familiakoa; herri horri dagokiona.
Toltekak gaur egungo Mexikoko iparraldean finkatu ziren eta Mexikoko erdialdeko herri guztiak menperatu eta erresuma garrantzizkoa sortu zuten VIII-XIII. m.etan. Tula hiriburua bilakatu zen gunerik garrantzitsuena (X. m.an eraikia), dirudienez Mixcoalt buruzagiaren agindupean. Tolteken monarkarik handiena ordea Ce Acatl Topiltzin izan zen. Honek, Quetzalcoatl jainkoaren fededuna izaki, Tezcatlipoca jainkoaren gurtza nagusitu zenean eta jarraitzaileak Tulan finkatu zirenean, hegoaldera hartu zuen. Toltekak maien artean finkatu ziren eta beren eraginari esker ezagutu zen Yucatánen maien Inperio Berriaren pizkundea. 1168an txitximekek Tula hartu eta birrindu egin zuten. Suntsitutako Tulako toltekek Cholula eta Culhuacanera aldatu ziren. Zibilizazio toltekak Teotihuacanen garaturiko azken kulturaren hainbat teknika eta lanketa hartu zituen; egutegia eta zeinu grafikoak gorde zituen. Arkitektura beste modu batera ulertu zuten eta gerlarien omenezko tenplu handiak eraiki zituzten, eskultura, zeramika eta erliebeak apaingarritzat erabiliz. Gerra eta heriotza izan ziren dekorazioetan sarrien erabilitako gaiak. Estatua bereziak landu zituzten, gotorrak, hieratikoak, giza irudiak zein lumadun sugearenak (Tula, Chichén Itzá). Aztekek eta maiek tolteken kultura eta artearen eragin nabarmen eta sakona izan zuten.




Atzera