uranio

iz. KIM. Zenbaki atomikoa 92 eta pisu atomikoa 238,03 duen elementu kimikoa (U).
Uranioa aktinidoen taldeko metala da. 19,05eko dentsitatea du eta 1.132,3 ºC-tan urtzen da. Isotopo guztiak erradioaktiboak dira eta horietatik hiru naturalak: U238, ugariena; U235, erreaktore nuklearretarako interes handiena duena; eta U234, naturan urriena.
Kolore zuri-grisaxka du eta harikorra, xaflakorra eta eroale txarra da. Erraz oxidatzen da eta berotuz gero, su hartzen du. Nahikoa erraz konbinatzen da kloroarekin, sufrearekin eta nitrogenoarekin.
Uranioa mineral askotan dago, baina proportzio txikitan eta industrialki ustiatzeko 1/1000 baino proportzio handiagoko hobiak behar izaten dira. Mineraletik uranioa lortzeko tratamenduak prestaketa mekanikoa (xehetzea) eta disoluzioa (azido sulfurikoaz edo sodio karbonatoaz) izaten dira. Lortutako produktua solido/likido faseetan banandu eta ondoren uranioa hauspeatu egiten da (uranato-forman gehienbat). Horrela uranioaren kontzentrazioa % 60-70 arte igotzea lortzen da. Uranio kontzentratua planta batera eramaten da eta bertan findu egiten da berriz, % 99,9ko purutasuna lortu arte.
Metal puru gisa edo aleazio gisa, erreaktore nuklearretan erregai moduan erabiltzen da. Erreaktore nuklearren funtsa uranio-atomoaren fisioa eragin eta askatzen den energiaren aprobetxamendua da. Gehienetan uranio aberastua erabiltzen da (uranio naturaletik abiatuz U235 isotopoaren proportzioa artifizialki handitu zaion uranio-mota). Bonba atomikoa ere katen erreakzio beraren ondorio da. Uranioaren isotopoen desintegrazioa datazioak egiteko erabiltzen da.




Atzera