Erroma

Italiako eta Lazio eskualdeko hiriburua, Tiber ibaiaren ertzean eta Italiaren erdialdean; 2.723.327 bizt. Italiako gune politiko, intelektual, artistiko, kultural, erlijioso eta turistikoa da. Unibertsitateak, akademiak, liburutegiak, artxiboak eta museo garrantzitsuak. Bertan, Vatikano Hiria, aita santuen egoitza eta mundu katolikoaren hbrua, dago eta honen inguruan komentu ugari (20.000 erlijioso) eraiki da. Nazioarteko erakunde batzuen egoitzaere bada (FAO) eta bertan sinatu zen EEEren sorrerako ituna (1957). Antzinako aztarna eta aberastasun artistiko franko kontserbatu da: foru erromatarraren zati handi bat, Trajanoren koloma, Karakalaren termak, Sant Angeloren gaztelua, Koliseoa, San Pedro, San Paulo eta San Lorentzoren basilikak, Farnesio jauregia.
Historia. Inguruko zazpi muinoetan (Aventino, Kapitolino, Kirinal, Viminal, Eskilino, Zelio eta Palatinon) bizi ziren herri latindar eta sabinoak elkartu zirenean sortu zen Erroma (K.a. VIII. m.). Etruskoek (K.a. VII-VI. m.) oso ondo planifikatu zuten hiria harresi eta monumentu ugariren bidez. Erroma laster inperio handi baten hbru. bilakatu zen eta enperadoreen garaian milioi bat biztanle izatera iritsi zen. Barbaroak iritsi zirenean (III. m.), Erromak bere defentsa antolatu behar izan zuen eta Aurelianok eraikitako harresietaraino atzera egin behar izan zuen. Konstantinok Konstantinopla Inperioko bigarren hbru. izendatu zuen (330) eta bertara joan zen bizitzera. Ondorioz, Erromaren gainbehera hasi zen. V. m.an barbaroek inbaditu egin zuten. Aita santuak Avignon-en izan zireneko garaian ezik (1309-1420), kristautasunaren gune, Estatu Pontifikaletako hbru. eta aita santuen egoitza izan zen, garai bateko garrantzia berreskuratuz. XVI. m.an, Julio II.a aita santuaren agintaldian, Florentzian hasitako errenazimentu artistikoaren gune bilakatu zen. 1870ean Italiako hbru. bihurtu zen, baina Aita Santuak ez zuen onartu. Vatikano Hirian geratu zen eta handik gidatu zituen kristautasuna eta Erromako elizbarrutia. 1943an alemaniarrek Erroma hartu zuten, baina aliatuek hurrengo urtean askatu egin zuten.




Atzera