Espainiako iraultzak

Espainiako mugimendu iraultzaileak XIX-XX. m.etan. - Espainiako iraultza (1820). Espainiako 1812ko konstituzioa berrezarri zuen mugimendua. Fernando VII.aren berrezarkuntza absolutistaren aurkako altxamendu militar eta herritarrak gertatu ziren erresumako zenbait tokitan eta Fernando VII.ak konstituzioa onartu egin behar izan zuen. - Espainiako iraultza (1868) edo Iraileko iraultza. Isabel II.a tronutik kendu eta Lehen Errepublikaren sorrera bideratu zuen prozesua. Prim eta Serrano jeneralak erregimenaren aurka altxatu zirenean erregina Donostian zen eta irailaren 30ean muga pasatzea lortu zuen. Euskal Herrian ez zen Isabel II.aren aldeko ekintzarik izan. Behin-behineko gobernua ezarri bitartean (1868-71), Hego Euskal Herrian Madrilgo Biltzar nagusiaren menpeko Biltzar iraultzaileak eratu ziren. Foru Aldundiak, foruzale eta karlistak barne, Biltzar iraultzaileen esanetara jarri ziren. - Espainiako iraultza (1934) edo Urriko iraultza. Espainiako gobernu errepublikarrean CEDA alderdi eskuindarreko kideak sartutakoan ezkerreko alderdi eta erakundeek piztutako iraultza-mugimendua (1934), batez ere Asturias eta Katalunian gertatu zena. Kataluniako Generalitateko gobernuak Kataluniako estatua aldarrikatu zuen, baina gobernu zentralak berehala zapaldu zuen. Asturiasko meatzariek Oviedo hartu eta ia Asturias osoa kontrolperatu zuten. Gobernu zentralak armada bidali eta, hiru egunez borrokatu ondoren, matxinada bertan behera utzi zuen. Euskal Herrian UGT, komunista eta anarkosindikalistek grebarako deia egin zuten eta ELAk ere parte hartu zuen. Grebak iraun zuen bitartean Gipuzkoa, Bilbo eta inguruko industriguneetan istilu asko izan zen. Iraultza ondoren ezarritako salbuespen-egoeran, iraultzaren alde jarritako Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait alkate eta zinegotzi atxilotu egin zuten.



Atzera