Guenes
Bizkaiko udalerria, Kadagua ertzean (Enkartazioak); 5.878 bizt. (guenestarrak). I-an Galdames, E-an Barakaldo eta Alonsotegi, H-an Okondo eta Gordexola eta M-an Zalla ditu mugakide. Oso menditsua denez nekazaritzak ez du garrantzi handirik. Bertako askok inguruko industri hirietan lan egiten dute, hala ere bertan industria txikia da ekonomi jarduera nagusia: metal-industria, zurgintza eta tailerrak. Lanean diharduen populazioaren ia erdia bigarren sektorean dabil eta erdira ez dira heltzen hirugarrenean dabiltzanak ere; % 3 dira lehenengokoak. Populazioak XX. m.an goranzko joera izan zuen, 80ko hamarkadan beherantz abiatu zen arte; mende-hasieran 2.318 biztanle ziren, 1950ean 4.410, 1981ean 6.483 eta 1991n 5.878. Historia. Historiaurreko aztarna, Burdin Aroko harrespila, aurkitu da udalerrian. Erromatarren garaian merkataritza-gune garrantzitsua izan zen. 1642an Bizkaiko jaurerriaren zati bihurtu zen Guenes, bertakoek hala eskatuta. 1740an, hala ere, gorabehera batzuk zirela medio, bereizi egin ziren eta 1800ean lortu zuten Guenesek, eta Enkartazioek osorik, Batzar Nagusietan gainerakoen moduan parte hartzea. Artea. Santa Maria eliza gotikoa (XII. m.koa) Errenazimentuan (XVI. m.an) berritu zuten. Hiru nabe, lau zati eta bost aldeko abside poligonala ditu. Aipagarria du gangako gurutzeria aberatsa. Sarrerako ate nagusiak gotiko eta Errenazimentuaren nahasketa du: arku zorrotzekoa da, arkiboltaduna, eta azken hauek arku karpaneleko bi sarreratan banatzen dute atea. Monumentu izendatua dago. Arkitektura zibilean aipatzekoak dira hainbat jauregi eta oinetxe gotiko, barroko nahiz neoklasikoak.
Atzera