HIES

(Hartutako Inmuno-Eskasiaren Sindromearen sigla) iz. MED. Organismoaren defentsen galera zein desagerpena ekartzen duen gaitz birikoa.
HTLV-III izeneko birus-mota (Human T-cell Lymphotrophic Virus type III) da infekzioa sortarazi eta T linfozito izeneko globulu zuriak kutsatzen dituena. Globulu horiek dira gorputzean infekzioa dagoenean organismoko defentsak (inmunitate-sistema) martxan jartzen dituztenak. HTLV-III birusak globulu zuri asko dituzten fluidoak ukitu behar ditu eta birusa ahula denez, behin eta berriz ukitu beharko ditu inor kutsatuko badu. Globulu zuri gehienak semenean eta odolean daude; malkoetan eta txistuan ere badaude baina kontzentrazio txikian. Malko edo txistuaren bidez kutsatutako kasurik ez da egundo detektatu. Birusaren transmisioa sexu-harremanen bidez edo kutsatutako odolarekin kontaktuan jartzean (xiringak konpartituz, odola edo odol-eratorrien transfusioak eginez, amaren odola fetuarenarekin kontaktuan jarriz, etab.) gertatzen da. Birusa hartu eta zortzigarren astea bitartean organismoak antigorputzak sortarazten ditu; seropositibo batzuei, antigorputzak dituztenei, gaitza garatu egiten zaie.
HIESa duten gaixoen defentsa-sistema hondatu ahala, infekzio kronikoak izateko arriskua areagotu egiten da; pneumonia, toxoplasmosia eta Kaposiren sarkoma dira ezagunenak. Infekzio hauetaz gain, hiesdunak izaten dituen sintomak honakoak dira: hiruren bat hilabetez 38 ºC-tik gorako sukarra, argaltzea, linfadenopatia, beherakoa, anemia, nekea, etab.
Sexuaren edo odolaren bidez kutsatzen da batik bat. Beraz, birus honen aurka hartu beharreko bi neurriak preserbatiboak erabiltzea eta oinarrian odola duten produktuak kontrolatzea lirateke.
Hasieran homosexualak, drogazaleak eta hemofilikoak ziren arrisku-talde nagusiak; gaur egun, ordea, kutsatuen eremua askoz zabalagoa da; HIES gaitzak jotako pertsonekin sexu-harremanak izan dituzten heterosexualak, odol-transfusioetan kutsatuak eta HIESak jota dauden emakume haurdunen seme-alabak hain zuzen. Eta gaitzak jotako pertsonen kopurua handituz doa: 1990.eko hamarkadaren erdialdera 1.000.000 hiesdun baino gehiago zegoen munduan.
Infekzioa moteltzen duten sendagaiak aurkitu dira, baina HIESaren aurkako txertoa aurkitzea da XX. mendeko medikuntzaren erronketako bat.




Atzera