Herakles

Mitologia grekoko heroi ospetsuena, indarraren pertsonifikazioa. Erromatarrentzat "Herkules" forma hartu zuen izenak. Haren jatorri eta bizitzari buruzko bertsio asko daude. Zeus eta Alkmenaren semea zen. Gaztetan, zuzengabekerien kontra borrokatzeko eta mundua munstroen eragin txarretik askatzeko erabakia hartu zuen; horretarako bere aparteko indarraz baliatu zen. Helburu horrekin buruturiko ekintzek betetzen dute Heraklesen kondaira. Hainbat emazte eta seme-alaba ugari izan zituen; horietako batekin, Megararekin, izandako seme-alabak hil egin zituen. Ekintza hori zigortzeko, Tirintoko errege Euristeok "hamabi lanak" agindu zizkion. Horiez gain burututako lanik garrantzitsuena, Ozeano Atlantikoa eta Mediterraneoa lotuz, Europa eta Afrika banatzea izan zen (Herkulesen zutabeak). Heraklesen bizitza era tragikoan amaitu zen: emazteak borondate onez emandako tunika pozoiduna gertatu zen eta gorputz osoan erredurak eragin zizkion; oinazearen oinazez erotuta, sugarretan erre zezan eskatu zion Filoktetes adiskideari, eta hala hil zen; ondoren Deianirak bere burua hil zuen. Jainkoek Olinpora jaso zuten erdi-jainko bihurturik. Artista askoren inspirazio-iturri izan da.



Atzera