Ondorengotza-gerra
- Austriakoa (1740-48). Batetik Prusia, Frantzia, Bavaria, Saxonia eta Espainiaren eta bestetik Ingalaterra eta Austriaren arteko gerra. Europa osora eta kolonietara ere hedatu zen. Gerraren jatorria 1713ko Santzio Pragmatikoa izan zen, zeinaren bidez, Karlos VI.a hildakoan (1740), honen alaba Maria Teresa izango zen ondorengoa, baina hau Europako potentzien interesen aurkakoa zen. Maria Teresak bere senarra Frantzisko Lorrenakoa enperadore izendarazi zuen Frantzisko I.a izenaz (1745). Honek Akisgrango bakea eragin zuen (1748) eta honekin batera Santzio Pragmatikoa onartu egin zen. - Espainiakoa (1701-14). Batetik Espainia eta Frantziaren eta bestetik koalizio europar baten arteko gerra. Hil aurretik, Karlos II.ak Frantziako Luis XIV.aren biloba zen Felipe Anjoukoaren alde egin zuen testamentua. Ondorioz, ordura arte Espainiako koroa izan zuen Austriako etxearen ordez, Borboiko etxeak bereganatuko zuen. Espainia eta Frantziako koroak batuz gero Europako oreka arriskuan egongo zela-eta, Ingalaterra, Austria eta Probintzia Batuek ez zuten onartu. Utrecht-Rastatt-eko itunek (1713-14) gerrari amaiera eman zioten. - Poloniakoa (1733-38). Frantzia, Espainia, Sardinia eta Bavaria, alde batetik, eta Errusia eta Austria, bestetik, elkarren aurka ezarri zituen gerra. Augusto II.a hil eta Varsoviako dietak, Frantziaren laguntzaz, Estanislao Leszczynski izendatu zuen errege. Errusiak eta Austriak Polonia inbaditu, Estanislao kanporatu eta Augusto III.a Saxoniakoa jarri zuten errege. Frantziak Lorrena okupatu zuen eta Espainiak kanpaina bati ekin zion Italian. Vienako itunean sinatu zen bakea (1738). Estanislaok Poloniako koroari uko egin eta, Lorrenako eta Bar-eko tituluak eman zizkioten bizi zen artean, eta Karlos Felipe V.a Espainiakoaren semeak Napoli eta Sizilia eskuratu zituen.
Atzera