Paleolitoa
Historiaurreko lehen fasea, gizakiak harria lantzen hasi eta ehiztari-biltzaile moduko bizibidea izan zuenekoa.
Koaternarioren hasieratik (duela 3 milioi urtetik) Holozenora arte (duela 10.000 urte ingurura) luzatu zen Paleolitoa eta hiru fase bereizi ohi dira, hauen arteko mugak oso lausoak diren arren: Behe-Paleolitoa (K.a. 3.000.000-150.000), Erdi-Paleolitoa (K.a. 150.000-38.000) eta Goi-Paleolitoa (K.a. 38.000-10.000). Hiru faseok bereizteko erabili den metodologia aztarnategietan aurkituriko tresneriaren lantze-mailan eta konplexutasunean oinarritzen da. Behe-Paleolitoan oso tresna sinpleak erabili zituzten, esku-aizkorak gehienak, eta aurkitutako aztarnategiak Europan, Afrikan eta Ekialde Hurbilean daude. Aro honetan Homo habilis eta gero Homo erectus izan ziren gizaki nabarmenenak. Erdi-Paleolitoan, berriz, sukarria erabiltzen eta geziak lantzen hasi ziren. Homo sapiens neanderthalensis gizakia izan zen nagusi, hitz egiteko gai zena eta taldetan antolatuta bizi zena ehizan egiteko; honen aztarna ugari daude Europa osoan. Goi-Paleolitoan Homo sapiens sapiens edo Cro-Magnon gizakia sortu zen; aro honetan beste lau azpiaro bereizten dira: Périgord, Aurignac, Solutre eta Madelein. Geziak, arpoiak eta larrua lotzeko jostorratzak landu zituen gizakiak harriz eta hezurrez. Haitzuloetako pintura garatu zuen eta eskultura txikiak ere agertu dira.
Behe-Paleolitoko aztarna gutxi aurkitu da Euskal Herrian, esku-aizkora bakan batzuk baino ez. Erdi-Paleolitoko aztarnak, ordea, ugariak dira eta han-hemenka azaldu dira tresnak eta abere-hezurrak, errinozeroarenak eta leopardoarenak esaterako. Goi-Paleolitoko aztarnak ere ugariak dira. Tresnak eta abereen eta gizakien hezurrak ez ezik, haitzuloetako pinturaren adibide ugari aurkitu dira, Santimami-e, Altxerri eta Ekainen esaterako.
Atzera