ehiztari

1. izond. Ehizatzen duena, ehizan ibiltzen dena. Basoko katu ehiztariaren ipuina. 2. iz. Ehizan aritzen den pertsona. Ehiztarien gezurrak. • isilpeko ehiztari. Ezkutuan eta legez kanpo ehizan aritzen den pertsona.
Animalia karniboroek ehizan egin behar dute biziko badira eta gizakiak ere beti egin du ehizan, hasieran bizirauteko eta gero denborapasarako. Dirudienez, animaliak etxekotzearen eta nekazaritzaren aurreko jarduera da eta, XX. mendearen azkenetan, bada oraindik herririk jateko ehizatzen duenik, baina oro har munduan jolasa eta kirola da ehiza, edo negozioa.
Ahal izan duten guztian, gizarte ehiztariek kontra egin diote beren bizimodua aldatzeari eta libre jarraitu dute. Gizarte-era hau eremu eta sistema ekologiko guztietan izan da. Habitat batzuk besteen oso desberdinak dira eta sarritan oso bizi-baldintza gogorrekoak, hala nola Australiako eta Afrikako basamortuak, baina denak dira oso antolaketa soilekoak, patrilinealak eta familiaren inguruan eratutakoak.
Gizarte ehiztari hauen jarduera ekonomiko garrantzitsuenak ehiza eta arrantza direnez, ehiza nora, ehiztariak ere hara mugitzen dira eta nomadak dira neurri horretan. Berdintasunean oinarritutako antolaketa politikoa dute eta nekez aurkitzen da autoritarismoa nagusi den talderik. Betidanik uste izan da gizarte hauek ez zirela gauza buruzagi politikoak izateko, baina buruzagitza bereganatu nahiko lukeen gizabanakoa bota egingo lukete edo hil, eta nagusirik behar ez duen egituraketa dute. Eta beren ekonomia garatu eta soberakinak sortzeko ahalmenik ez zutelako usteak ere ez du funtsik, ez baitute produzitu nahi eta nahiago dute, beren mantenu-beharrak ase dituzten garaian, atseden hartu edo festa eta errituak antolatu. Horren aurrean, "gizarte oparoak" direla esan daiteke.




Atzera