Panama

(República de Panamá). Erdialdeko Amerikako estatua. Mugak: I-an Karibe itsasoa; H-an Ozeano Barea; E-an Kolonbia; M-an Costa Rica. Erdialdeko Amerika eta Hego Amerika lotzen dituen istmoaren alderik estuenean dago. Zerbitzuen sektorea da nagusia. Kanala funtsezkoa da mundu osoko merkataritzako hartu-emanetan eta estatuarentzat diru-iturri oparoena. Azukre-kabanera, bananak, arroza, artoa eta kakaoa esportaziora bideratutako produktuak dira.
Historia. Txibtxa eta karibe herri indioak bizi ziren, besteren artean, lurralde honetan XVI. mende-hasieran espainolek kolonizatu zutenean. 1513: Vasco Nuñez de Balboak lehen aldiz zeharkatu zuen istmoa eta Ozeano Bareraino heldu zen. 1519: Pedrarias Dávilak Panama hiria fundatu zuen. Merkataritza bizkor hazi zen. 1819: Espainiatik bereizi eta Kolonbia Handira batu zen Venezuela eta Ekuadorrekin batean. 1903: Panamako oligarkiak, EEBBek lagunduta, Kolonbiatik banantzea lortu zuen, independentzia aldarrikatu eta Panamako errepublika sortuz. EEBBek eta Panamak Atlantikotik Barerainoko kanala egitea erabaki zuten luze baino lehen eta EEBBek kanalaren inguruko 10 milia zabaleko lur-zerrendaren kontrola ziurtatu zuten. Plantazio guztiak eta trenbideak EEBBetako United Fruit Company-ren eskuetara igaro ziren eta familia gutxi batzuen esku gelditu zen boterea. 1914: kanala ireki zen. 1959tik aurrera EEBBen aurkako mugimendu nazionalista indartu zen. 1968: Omar Torrijos jeneralak gidatutako kolpearen ondotik, erregimen militar nazionalista ezarri zuten. Kanalaren eremua 2000. urtean Panamari itzultzea aurreikusten zuen hitzarmena sinatu zuen 1977an. 1983tik aurrera Noriega jeneralak boterea kontrolatu zuen armadatik. 1986: EEBBek Noriegaren estradizioa eskatu zuten, narkotrafikatzailea zela leporatuta. Panamarrek zuten EEBBenganako ikusiezinaz baliatuta, Noriegak botereari eutsi zion 1989ko hauteskundeak oposizioak irabazi zituen arren, baliogabe utzita. Orduan EEBBetako armadak Panama inbaditu zuen abenduan, Noriega preso hartu eta EEBBetara eraman zuten. Oposizioko Guillermo Endara jarri zuten lehendakari. 1994: Ernesto Perez Galladares-ek hauteskundeak irabazi zituen. 1995: erregimen militarra ezarri zen.




Atzera