Siberia

Errusiako eskualde zabala, Asiako iparraldea hartzen duena; 12.765.000 km2 eta 28.000.000 bizt. Munduko lautadarik handiena da; Uraletatik Ozeano Bareraino eta Erdialdeko Asiako mendietatik Ozeano Artikoraino hedatzen da. Hiru zati bereiz litezke: Mendebaldea, Uraletatik Jenisei ibairaino doana, lautada handia da (Obi ibaiak ureztatua). Erdialdea Lena eta Jenisei ibaien artean zabaltzen da eta Erdialdeko Mesetak osatzen du. E-ko zatia, Lena ibaiaren arrotik E-ra dago, menditsua da. E-ko muturrean Kamtxatka penintsula dago, Okhotsk eta Bering itsasoen artean. Udako bizpahiru hilabete epelak kenduta, negu luze eta hotzeko klima kontinental gogorra da ezaugarri nagusia. Hiru paisaje-mota nagusi daude: estepa H-an, taiga erdialdean eta tundra I-an. Klima-baldintzek asko oztopatzen dute nekazaritza. Aldiz, oso aberatsa da baso eta mea-baliabidetan (ikatza, petrolioa, gasa, urrea, diamanteak, burdina, eztainua, beruna, zinka, kobrea eta aluminioa). Siberia historiaurreko kultura askoren sorleku izan zen. XIII. m.: mongolek Siberiaren zati handia hartu zuten. XVI. m.: errusiarren kolonizazioa hasi zen Uraletatik E-ra. 1598: kosakoek Siberiako khanerria suntsitu zuten. 1639: errusiarrak Okhotsk itsasoraino iritsi ziren. 1860: Txinak Amur ibaiaren inguruko lurraldeen subiranotasuna onetsi zien errusiarrei. 1891-1905: Transiberiar trenbidea eraiki zen eta milaka etorkin hartu zituen Siberiak. 1918-22: sobietarrek armada zuria eta japoniarrak egotzi zituzten Siberiatik.



Atzera