Somalia
(somalieraz Jamhuuriyadda Dimuqraadiga Soomaaliya; arab. Jumurijah as-Sumal ad-Dimukratijah). Afrikako IE-ko estatua. Mugak: I-an Djibuti eta Adengo golkoa; M-an Etiopia eta Kenya; H-an Kenya; E-an Indiako Ozeanoa. Lurraldea erdiaridoa da, beroa eta lehorra. Populazioaren bi heren abeltzain nomadak dira. Ardi-larrua eta -haragia dira esportaziorako produktu nagusiak. Nekazaritza (azukre-kanabera, kotoia, bananak, artoa) H-an eta Shebeli eta Juba ibaien inguruan. Munduko estaturik pobreenetarikoa da.
Historia. K.a. III. milurtekoan artzain nomadak bizi ziren, baina lehorteak H-rantz bultzatu zituen K.a. II. milurtekoan. K.o. VII-X. m.: merkatari musulman arabiar eta persiarrek kostaldeetan merkataritza-guneak ezarri zituzten. XV-XVI. m.: kostaldeko hiriak garatu ziren; islama errotu eta zabaldu egin zen. XIX. m.: egiptoarrek, britainiarrek eta italiarrek Somaliaz jabetu nahi izan zuten; Somalia Britainiarra eta Somalia Italiarra sortu ziren. 1900-20: britainiarrek derbitxeen matxinadari aurre egin behar izan zioten. Bestalde, italiarrek kostaldean zuten eragina sendotu egin zen. 1940: Bigarren Mundu-Gerran, italiarrek britainiarren menpeko Somaliari eraso eta hartu egin zuten, baina 1941ean britainiarrek, Somalia Britainiarra ez ezik, Somalia Italiarra eta Ogaden ere bereganatu zituzten. 1950: Italiak gerra aurretik zituen lurraldeen administrazioa berreskuratu zuen eta Etiopiari Ogaden itzuli zitzaion. 1960: Somalia Italiarrak eta Britainiarrak bat egin zuten estatu independente bihurtzeko. Estatu berriak Ogaden erreklamatu zion Etiopiari. 1969: Siyad Barre jeneralak estatu-kolpe baten bidez boterea hartu zuen. 1977: gerra hasi zen Etiopiaren eta Somaliaren artean, Ogaden-en jabetzagatik. 1988: Etiopiarekin bake-ituna sinatu zuen, baina gerra zibilak eta goseteak astindu zuten Somalia. 1991: Siyad Barre agintetik kendu zuten. Somalia Britainiar ohiak independentzia aldarrikatu zuen orduan. 1992: NBEk kaskourdinak bidali zituen Somaliara, goseak jotako populazioari nazioarteko laguntza humanitarioa ziurtatzera eta janaria banatzen laguntzera. 1993: bakea bideratzeko hitzarmena sinatu zuten taldeek. 1995: NBEren armada irten egin zen. Hala ere, estatuaren egoera politikoa oso nahasia da.
Atzera