Tanzania

(swahilieraz Jamhuri ya Muungano wa Tanzania; ing. Republic of Tanzania). Afrikako E-ko estatua, Tanganyikako lurraldeak eta Zanzibar, Pemba, Mafia eta beste uharte batzuek osatua. Mugak: I-an Kenya eta Uganda; M-an Burundi, Ruanda eta Tanganyika aintzira; H-an Mozambike eta Malawi aintzira; E-an Indiako Ozeanoa.
Historia. Boskimanoak bizi ziren lurralde honetan K.o. I-II. m.etan Afrikako M-ko bantuak iristen hasi zirenean. XII. m.an arabiar merkatariak egokitu ziren kostaldean eta Zanzibar uhartean. 1498an Vasco de Gama iritsi zen kostaldera eta Portugalek goarnizioak ezarri zituen arabiarrek lurraldea bere egin zuten arte (1652). XIX. m.an Omango sultanak Zanzibar eta kostaldea bereganatu zituen. XIX. m.aren erdialdean esploratzaile britainiarrek (Speke, Burton, Stanley, Livingston) zeharkatu zuten lurraldea. 1890-91 urteetan kostaldea britainiarren menpe gelditu zen, eta barnealdea alemaniarren esku. 1920-46 bitartean Ekialdeko Afrika Alemaniarrak Tanganyikako Lurraldea izena hartu eta Nazioen Elkarteak Britainia Handiaren esku utzi zuen. 1961ean Julius Nyerere-ren TANU alderdiaren gidaritzapean independentzia lortu zuen zati kontinentalak eta 1962an Errepublika berriko lehendakari hautatu zuten Nyerere. 1963an Zanzibarko sultanerriak independentzia lortu ondoren, Tanganyikak eta Zanzibarrek bat egin eta Tanzania osatu zuten (1964). 1978an Tanzaniako armada Ugandan sartu zen Idi Amin diktadorea boteretik kentzeko. 1985ean Nyererek kargua utzi zuen eta Ali Hassan Mwinyi egin zuten lehendakari. 1992an alderdi-aniztasuna onartu zuten eta 1995eko hauteskundeetan Benjamin Mkapa hautatu zuten lehendakari.




Atzera