Turkmenistan

(Turkmenskaia). Asiako erdialdeko estatua. Mugak: I-an Kazakhstan eta Uzbekistan; H-an Afganistan eta Iran; M-an Kaspiar itsasoa; E-an Uzbekistan. Karakumgo basamortuak hartzen du ia lurralde osoa. Biztanle gehienak Kopet-Dag mendialdearen magaletan, Tedjen eta Murgab-eko oasietan eta Amu-Daria eta Murgab ibaien ondoan bizi dira. Abeltzaintza (artilea). Ureztapeneko laborantza (fruta, barazkiak, laboreak, kotoia), Karakum basamortua zeharkatzen duen 1.400 km-ko kanal erraldoiari esker. Industria (ehungintza, petrolio-errefinategiak, elikagaigintza, eraikuntza mekanikoak). Zorupeko baliabideak (petrolioa, gas naturala, sufrea).
Historia. XIII. m.: Gengis Khan-ek inbaditu zuen. XVII-XIX. m.: persiarren, Khivako (Kharezm-eko) khanen, Bukharako emirren eta afganoen menpe egon zen. 1869: errusiarrek Krasnovodsk hiria fundatu zuten; ordutik aurrera errusiarren menpe egon zen lurraldea. 1917ko Urriko iraultzaren ondoren, Errusian gerra zibila lehertu zenean, Armada gorriak Askhabad (1919) eta Krasnovodsk (1920) hiriak okupatu zituen eta boltxebikeen gobernua ezarri zen; ehunka mila turkmeniarrek Iran eta Afganistanera alde egin zuten. 1921: turkmeniarren probintzia sobietar sozialista antolatu zen. 1924: Stalinek talde etnikoen araberako banaketa egin zuen: Bukhara eta Kharezm-eko eskualde turkmeniarrak batu zituen eta Turkmenistango errepublika sortu zen SESB barnean. 1990: lehen hauteskunde libreak egin ziren; S. Niazov komunista hautau zuten lehendakari. 1991: errepublikaren independentzia aldarrikatu zuen Turkmenistango Sobiet Gorenak. SESB desagertzean, Estatu Independenteen Elkarteko kide bilakatu zen. 1992: sistema presidentzialista onartu zen; S. Niazov berriro lehendakari hautatu zuten; baita 1994an ere.




Atzera