aita santu
iz. Eliza katolikoko buru gorenari, Erromako apezpikuari, ematen zaion izena.
ENTZ.
Oparo erabili dute eliztarrek aita hitza, Elizako maila ezberdinetako kargudunen adeitasunezko titulutzat. K.o. III-V. mendeetan Erromako apezpikuari, beste apezpikuei eta apaizei ere ematen zieten pappas grekozko izena, eta horretatik datorren latinezko papa hitzak aita adierazi nahi du. Oraindik ere Eliza ortodoxoan hitz grekoa apaizentzat erabiltzen dute. Erdi Arotik aurrera, bereziki IX. mendetik aurrera, eta Mendebaldean, Elizako kargudun gorenarentzat bakarrik geratu zen titulua, beraren latinezko forman edo beste hizkuntzetako latinetiko formetan. Hala ere, aita titulua apaizentzat oro har, eta bereziki erlijioso mezadunentzat erabiltzen da sarritan. Aita santua, berriz, Eliza katolikoko kargudun gorenaren agur-titulutzat erabiltzetik haren deitura eta izen arrunta izatera etorri da.
Testamentu Berriko testuetan San Pedro agertzen da beste apostoluekiko lehentasunez. Eliza katolikoaren sinestez, Jesu Kristok berak aukeratu zuen San Pedro apostoluen eta Eliza osoaren buru, San Mateoren Ebanjelioko 16, 18-19 testuaren arabera; lehentasun eta burutza horiek haren ondorengo diren aita santuei eskuratzen zaizkie. Jerusalemgo lehen Elizan San Pedro agertzen da apostoluen artean bozeramaile; Jerusalemdik Antiokiako kristau-komunitatera aldatu zen aurrenik; handik Erromara; bertan hil zen martiri, Neronen erasoaldian (70. urtean), tradizioak dionez eta aztarna arkeologikoek adierazten dutenez. San Pedro izan zen Erromako Elizaren lehen apezpikua, tradizio beraren arabera. Horregatik, eta haren ondorengoa denez, Erromako diozesiko apezpikua da aita santua gaur arte.
Zaila da historiaren buruan izan diren aita santuen zerrenda eta segida zehatza ematea, ilunaldi historikoak daudelako tartean eta batzuetan irizpide historiko erabakigarririk ez dagoelako, aita santua eta antipapa bereizteko. Kontaketa zehatzera hurbilduz, 264 izan dira orain arteko aita santuak. Horiek aukeratzeko moduak aldatu egin dira historian zehar; Erdi Arotik hona kardinalek hautatzen dute, Nikolas II.aren (1059-1061) erabakiz. Paulo VI.a aita santuaren erabakiz (1970), berriz, 80 urtetik beherako kardinalek bakarrik hartzen dute esku gaur egun aita santuaren hautaketan, edo konklabean.
San Pedro apostolu-taldearen (kolegioaren) buru izan zen bezala, apezpikuen kolegioaren buru da aita santua, Vatikanoko II. Kontzilioak irakatsi zuenez; eta era berean Eliza osoaren buruzagia da. Kontzilio unibertsalean eta apezpikuen sinodoan gauzatzen da bereziki aita santuaren eta apezpikuen arteko kolegio-harremana. Dena dela, Eliza katolikoaren egitura hierarkikoan sarritan guztiz nabarmendu izan da erpinean eta bakarrik aita santua.
Aro Modernoko aita santuek Erromatik ia irten gabe bete zuten beren ministeritza; Joan XXIII.a hasi zen Italian bisitak egiten; Paulo VI.a irten zen aurrenik atzerrira (Jerusalemera, New York-eko NBEra); Joan Paulo II.ak kanporako bidaietan eta munduan zeharreko elizen eta herrialdeen bisitetan oinarritu du bere pastoraltza.
Atzera