akustika
iz. 1. FIS. Soinuak eta soinu-uhinak aztertzen dituen fisikaren atala. Akustikaren legeak. 2. Soinu-hedapena kontuan hartuz leku batek duen ezaugarri-multzoa. Areto honek akustika ona du.
Akustikak arlo desberdinak hartzen ditu. Fisika hutsak soinua materian zehar nola hedatzen den artertzen duen bitartean, fisika aplikatua soinu-uhinak nola birsortu eta soinuen energia energia mekaniko edo energia elektriko eta alderantziz nola bihurtu eta erabiltzeaz arduratzen da. Bestalde, musikariek soinuen nahastea, harmonikoak etab. ikertzen dituzte. Medikuek entzumena eta ahots-kordak aztertzen dituzte eta hizkuntzalariek gizakiak sortzen dituen soinuak dituzte aztergai.
Gorputz batek bibratzen duenean, haren inguruan dagoen airea bultzatu egiten du eta airea higiarazten du higidura ondulatorioz. Horrela sortutako uhinak airean barrena sinu-iturritik erradialki hedatzen dira eta gure belarrira iristen direnean honen barnean soinu-sentsazioa sortarazten dute. Soinu-uhinak isladatu, errefraktatu edo difraktatu egin daitezke eta interferentziak eta zurgapenak jasan ditzakete. Soinu-uhina hedatuko bada ingurune bat behar du, hau da, uhinaren euskarria izango den materia behar du. Ingurunearen dentsitate eta tenperaturaren araberakoa izango da soinuaren abiadura ingurune horretan. Uhinen hedapenak ingurunean zehar energia garraiatzea dakar berekin.
Soinuaren azterketa oso antzinakoa da. Pitagoras-ek egin bide zituen lehen soinu-azterketak: sokak bibratuz sortzen zuen soinuaren tonua sokaren luzeraren baitan zegoela aurkitu zuen K.a. VI. mendean. XVII. mendean Otto von Guerickek soinua hutsean ez zela hedatzen frogatu zuen. XVIII. mendearen hasieran Isaac Newtonek soinuaren hedatze-mekanismoa azaldu zuen eta Brook Taylorrek soka bibratzaileen formula eman zuen. XIX. mendean soinuaren hedatze-abiadura ingurune desberdinetan neurtu zen eta Fourier-ek fenomeno ondulatorioak ikertu zituen. Geroago, Doppler-ek abiadurak soinuaren gain eragiten duen distortsioa aurkitu zuen eta mende horren amaieran soinua mekanikoki birsortzeko lehen aparatuak asmatu ziren (fonografoa). Horrekin batera akustika eta elektrizitatearen arteko harremanak ikertu eta soinua distantzia luzera garraiatzeko sistemak sortu ziren: telefonia jaio zen. Horren ondoren soinua grabatu eta birsortzeko sistemak agertu ziren (diskoak eta zinta magnetikoak); baita soinu-uhinen bidez objektuak aurkitzeko sistemak ere (sonarra, ekografia).
¥ Akustika arkitektonikoa. Kontzertu-, zine-areto, antzoki eta antzekoetan soinuak oihartzunik eta distortsiorik gabe hedatzeko teknikak ikertu eta aplikatzeaz arduratzen da akustika arkitektonikoa. Soinuaren hedapena eragozteko bideak aztertu eta aplikatzeaz ere arduratzen da, adibidez lokalak soinugabetu eta akustikoki isolatzeaz.
Atzera