alkohol
iz. 1. KIM. Likido kolorgea, azukrea duten fruta- edo landare-zukuen hartzituak distilatuz lortzen dena (adib., mahats, sagar, erremolatxa, azukre-kanaberatik). Etanol edo etil alkohola da berez (CH3-CH2OH). 2. Alkohola duen edozein edari. 3. KIM. Alkanoetan hidrogeno bat -OH taldeaz ordezkatuz sortzen diren deribatuen izen generikoa. Ez-aseak eta aromatikoak ere izan daitezke. • alkohol absolutu. Kimikoki purua dena.
Hiru alkohol-mota bereizten dira, OH taldea dagoen karbono-atomoa zenbat hidrogeno-atomori lotzen zaion kontuan hartuta: alkohol tertziarioak R3COH, alkohol sekundarioak R2CHOH eta alkohol primarioak RCH2OH (azken hauetakoa da metanola: CH3OH). Hiru alkohol-mota hauek oxidatzaileen aurrean duten portaerak bereizten ditu: tertziarioak ez dira oxidatzen, sekundarioak zetona bihurtzen dira (R2C=O), eta primarioek aldehidoak ematen dituzte (RCH=O), eta hauek oxidatuta azidoak lortzen dira (RCO2H).
OH taldeko hidrogeno-atomoa erraz ordezkatzen dute metal alkalino eta lurralkalinoek, alkoholatoak eratzeko. Alkoholak konposatu neutroak dira baina batzuetan baseen antzeko propietateak dituzte eta azidoekin erreakzionatzen dute esterrak emanez, eta alkenoekin eterrak.
Oro har, uretan disolbagarriak dira eta konposatu organikoen disolbatzaile onak (alkenoena ezik). Zenbat eta karbono-atomo gehiago izan orduan eta irakite-puntu altuagoa dute, eta primarioek sekundarioek baino altuagoa.
Alkohol guztietan inportanteena etanol edo alkohol etilikoa da, CH3-CH2OH, edari hartzituetan aurkitzen dena: garagardoak % 2-5 dauka, ardoak % 8-15, eta pattarrak % 40-65 bitartekoa. Elikaduran ez da komeni alkoholak eguneko kalori horniketa % 10 gainditzea. Dosia 1,50 g baino altuagoa bada kiloko eta eguneko, alkohola substantzia toxiko arriskutsua da.
alkoholdun
Atzera