aurresku

iz. 1. Euskal dantza ezaguna, gizonezkoek sokan dantzatzen dutena eta emakumezkoak gonbidatzen dituzte soka horretan tartekatzera; txistu eta danbolinarekin laguntzen da. 2. Aurreskuan eta beste zenbait dantzatan aurrean doan dantzaria. Alkatea izan da aurresku. 3. (hed.) Lehen tokia. Latinak eta grekoak hizkuntza guztien artean aurreskua beti hartu eta eraman dute.
Aurreskuak beste izen batzuk ere izan ditu: gizon-dantza, soka-dantza eta erregelak. Ilarako lehen dantzariari aurresku esaten zaio eta azkenari atzesku. Garai batean, herrien arteko adiskidantzak bermatzeko erabiltzen zen aurreskua eta, hartarako, herri bateko alkateak beste herriko alkatea beraiekin aurreskua dantzatzera gonbidatzen zuen. Gaur egun norbaiten omenez edo norbait agurtzeko dantzatzen denari aurresku esan ohi bazaio ere, bereziki holakoetan egiten den dantza agurra da. Berrikiago, dantzak ikuskizun bihurtu dira eta, esate baterako, Euskal Herriko Aurresku Txapelketak 1980an hasi ziren; dantzariek bakarka hartzen dute parte eta hiru zati izaten dira lehiaketa horretan dantzatu beharrekoak: desafioa, agurra eta alpargata.




Atzera