grabatu (iz.)
iz. ART. 1. Grabatzeko arte, teknika edo prozedura. 2. Grabatutako matrize batez (zurezkoa edo kobrezkoa gehienetan) edo beste grabazio-teknika baten bidez, paperaren edo beste euskarri baten gainean lortutako irudia.
Grabatua, teknika gisa, inprentarekin batera jaio zen XV. mendean eta XVIII. mendearen bukaeran argazkigintza asmatu zen arte, irudien eta artelanen (pinturen) aldakiak lortzeko bide nagusia izan zen. Hari esker, liburuak irudiz hornitu ahal izan ziren. Xafla baten gainazalean marrak eta ebaketak egiten dira inprimatu nahi den irudiaren forma lortzeko. Xafla hori izango da grabatua egiteko matrizea; gainazalari tinta eman eta paper edo antzeko material baten gainean ezartzen da, matrizean grabatu den irudiaren forma duen aldakia inprimatzeko. Matrizea prestatzeko eta inpresioa egiteko moduaren arabera, hiru grabatu-mota nagusi daude:
Erliebezko grabatua. Zurezko xaflak erabili ohi dira matrizea egiteko eta horregatik teknika honi xilografia deritzo. Trintxa eta gubia erabiliz, irudian zuriz gelditu behar duten atalak tailatu egiten dira eta erliebean gelditzen diren zatiak baino ez dira tintatzen; hauexek sortuko dute gero irudia. Zurezko xaflen ordez linoliozkoak ere erabil daitezke (linografia). Grabatu-teknika hau asko erabili zen XV. eta XVI. mendeetan herri germaniarretan, Herbehereetan eta Frantzian. A. Dürer eta Cranach Zaharra izan ziren grabatzaile nagusietakoak. Italian ere kalitate handiko obrak egin ziren. XIX. mendean xilografiaren teknika berritu egin zen; ordura arte erabiltzen zen harialderako grabatuaren ordez, harikontrako grabatua asmatu zen. Ohizko zurezko xaflaren ordez zurezko zati txikiak elkartuz eta estutuz osatutako xafla erabili zen; horrelakoetan norabide guztietan taila daiteke matrizea txirbilik edo ezpal-izpirik harrotu gabe.
Hutsezko grabatua. Metalezko xaflak erabiltzen dira teknika honetan. Erliebezko grabatuaren alderantzizkoa da: xafla tailatu egiten da beheraguneak eginez, eta hauexek dira tinta hartzen dutenak gero irudia inprimatzeko. Beranaz lantzen da xafla eta irudiaren kolorearen intentsitatea beheragunearen sakoneraren araberakoa da, zenbat eta sakonagoa den, hainbat eta tinta gehiago sartuko baita beheragunean. Kobrezko xaflak dira erabilienak, baina eztainu, letoi, altzairu eta zinkezko xaflak ere erabil daitezke. Paper elastiko hezea erabiltzen da, matrizeko beheraguneetan sar dadin. Teknika honen aldaera bat, oso erabilia, akuafortea da: metala bernizez estaltzen da eta berniza baino ez da tailatzen, metala agerian utzita. Ondoren akuafortetan sartzen da eta azidoak metalari eraso egiten dio. Geroago berniz guztia kendu eta tintatu egiten da. Akuafortearen teknika biziki hedatu zen barrokoan. Rembrandt, Van Dyck, Callot, Piranesi eta beste artista askok akuaforteak egin zituzten. Afuafortearen antzekoa da urtintazko grabatua, XVIII. mendean asmatua. Bernizaren ordez erretxina-moduko geruza berezi bat erabiltzen da eta gainean tinta berezi batez -urtintaz- marrazten da irudia; ondoren akuafortetan sartzen da eta honek urtintaz estalitako gainazalari eta estalita ez dagoenari maila desberdinean erasotzen die. Horrela gouache pinturaren itxurako grabatuak lortzen dira. Kolorezko grabatuak egiteko ere erabiltzen da.
Atzera