eztainu

iz. KIM. Zenbaki atomikoa 50 eta pisu atomikoa 118,69 duen elementu kimikoa (Sn). Metal zuri grisaxka da, beruna baino gogorragoa eta dentsitate txikiagokoa. 232 ºC-tan urtzen denez, soldadura bigunetan erabil daiteke. Oso metal xaflakorra da. Kobrearekin aleazioan brontzea osatzen du.
Eztainua bi forma alotropikotan ager daiteke: eztainu zuria (ß egitura) eta eztainu grisa (alfa egitura). Batetik besterako eraldaketa 13,2 ºC-tara gertatzen da, baina soilik eztainua oso purua denean. Silizioaren antzeko egitura elektronikoa dauka (kanpoko elektroi-geruza berdina) eta 2 eta 4 balentziekin jokatzen du konposatuak eratzeko. Metal arrunten artean urtze-tenperatura baxuenetakoa du (232 ºC), biguna eta harikorra da eta ez da toxikoa; horregatik baliatzen da soldadura bigunetan eta beste metal batzuen estaldura gisa. Aleazioetarako ere erabiltzen da, esaterako, kobrearekin brontzea osatzen du. Izan ere, brontze eran antzinatetik erabili izan da eztainua; metal moduan ez zen aro kristaura arte ezagutu.
Eztainua, beruna bezalaxe, antzinatik ezagutzen diren banatze-prozeduren bitartez lortzen da mineraletik. Kasiterita (SnO2) da eztainuaren mineral hori, baina normalean oso pobrea eztainutan, eta lehendabizi ganga kendu (xehetu ondoren, garbituta) eta burdin konposatuak apartatzen zaizkio (bereizketa magnetikoz). Xigortu eta garbitu ostean, ikatzarekin erreduzitzen da metal purua lortzeko.




Atzera