iberiera
iz. Antzinateko Iberian hitz egiten zen hizkuntza ez-indoeuroparra.
Iberiar penintsulako hainbat tribuk erromanizazio aurretik egiten zuten iberiera aztertzeko, harri, taula eta edalontzietako inskripzioak ditugu (iberiar, tartesiar eta joniar alfabetoetan idatzirik) arrasto bakarrak, erromatarren garaian hitz egiten zela frogatua dagoen arren. Iberieraren jatorria aztertzerakoan honek euskararekin dituen erlazio eta antzekotasunen arazoa sortzen zaie ikerlariei. Biak ere hizkuntza ez-indoeuroparrak dira. Iberierak, euskarak bezala, ez du "f" soinuarekin ez "r" soinuarekin hasten den hitzik. Antzekotasun honetan oinarriturik, XVI. m.an azaldu eta aski hedatu zen "euskal iberismoa" izeneko teoria. Honen arabera, euskaldunok Iberiar penintsulako garai zaharrenetariko biztanleen ondorengoak gara, eta gure hizkuntza iberieraren hondakin edo aztarna edo dialektoa. Gure artean teoria hau garatu zuen aurrena Andres Poza urduñarra izan zen; De la antigua lengua, poblaciones y comarcas de las Españas izeneko liburuan egiten duen azterketa garai hartako filologi mailaren ispilua da: zientziatasun apurrekoa, egilearen irudimenaren araberakoa. Baina aipatzekoa da, halaber, Pozaren lana euskararen aldarrikapen sutsua dela, itsusten eta mesprezatzen zutenen aurkakoa. XIX. m.an indartu egin zen teoria hau berriz, garaiko hainbat hizkuntzalarik defendatuta, Hübner, Schuchardt eta W. von Humboldt-ek, besteak beste. Azken honen Espainiako Antzinako Biztanleak eta Euskal Hizkuntza izeneko lanak egundoko eragina izan zuen bere garaiko azterketetan. Euskal autore eta filologo askok (Astarloa, etab.ek) hartu zuten teoria hau, eta Andaluziako toponimia euskal hitzen etimologiaz argitu nahi izan zuten. P. Beltran jakintsuak eginahalak egin ditu harrian zizelkaturiko iberierazko testuak euskararen laguntzaz argitzeko. Gaur egun, Tovar, Mitxelena eta J. Caro Barojaren lanen ondorioz, teoria hau guztiz baztertuta geratu da.
Atzera