erromanizazio

iz. Erromanizatzeko ekintza eta horren ondorioa.
K.a. II. mendearen hasieran sartu ziren erromatarrak lehenengoz Euskal Herriko lurraldeetara, Ebro ingurukoetara bereziki, eta K.o. V. mendera arte iraun zuen Erromatar inperioak bertan. Bospasei mendeko presentziak nahitaez utzi behar aztarna ugari eta sakonak.
Erromatarrak etorri zirenean, sei tribu edo giza talde bereizi zituzten: autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, baskoiak, beroiak eta akitaniarrak. Kontuan hartu behar da orduko Euskal Herria egungoa baino askoz ere zabalagoa zela eta gaurko lurraldeez gain, Errioxa, Burgos eta Aragoiko zati bat eta Akitania hartzen zituela bere baitan. Erromatarrak K.a. 180 urtearen inguruan iritsi ziren lehen aldiz Euskal Herrira, eta bi mende behar izan zuten osorik hartzeko. Horren arrazoia ez zen euskaldunek eginiko defentsa sutsua izan, erromatarren interesik eza baizik. Erromanizazioaren eragina oso desberdina izan zen Nafarroako eta Arabako lautadetan (lat.ezko Vasconum ager izenekoan) eta Akitanian, batetik, eta Euskal Herriko mendialdean (lat.ezko Saltus Vasconum izenekoan), bestetik. Zuhainetan, mahastietan eta olibadietan oinarritutako nekazaritza nagusi zen lautadetan gertatu zen erromanizaziorik sakonena. Mendialdean berriz, erromatarren eragina askoz ere txikiagoa izan zen eta horien interesa meategien ustiaketara mugatu zen ia gehienbat.
Bereizkuntza hori egin ondoren, ezin ukatuzkoa da erromatarrek Euskal Herriko bizimoduan, ekonomian eta, oro har, kultura material, sozial nahiz espiritualean izan zuten eragina: hiriak eraiki zituzten (Iruņea, Erriberri, Kaskante, Iru-a) eta galtzadak ireki; lan-teknika eta tresna berriak ekarri zituzten, esate baterako, goldea eta errota-sistema; nekazaritzako zenbait espezie ekarri edo indartu zuten (garia, olibondoa, mahastia); organizazio eta hierarkizazio sozial berriak ekarri zituzten, goian lurjabe handiak eta administrazio-kargudunak, behean esklaboak eta lurjabeen menpeko nekazariak, eta erdian gizaki libreak, beren lurren (fundi-en) jabeak.
Hizkuntzari dagokionez, erromatar administrazioarekiko harreman ofizialak latinez ziren, eta latina beretu zuten klase gorenekoek ere. Horrek hainbat lurraldetan euskara galtzea ekarri zuen, baina nekazaritzako eremuetan eta mendialdean euskarak guztiz bizirik jarraitu zuen. Dena dela, latinak aztarna zabalak eta ugariak utzi ditu bai toponimian eta bai euskal lexikoan ere, hainbat eta hainbat maileguk erakusten duenez: tipula, gela, golde, gauza, zaku, eliza, bake, errota, gurutze eta gorputz hitzak latinetikoak dira, beste askoren artean.
Erromanizazioarekin paretsu etorri zen kristautasunaren zabalkundea, nahiz eta hau beranduago hasi. Hasieran Euskal Herriko bertako jainkoekin batera agertzen dira zenbait inskripziotan erromatar panteoikoak ere. Kristautasunaren eraginez bertako nahiz kanpoko jainkoak baztertuz joan ziren. Mendialdean erromanizazioa oso azalekoa izan zen eta kristautasuna ere ez zen Erdi Arora arte sartu.




Atzera