inmunizazio
iz. MED. Inmunitatea lortu edo ematen den ekintza. • inmunizazio aktibo. Antigenoak injektatuz egiten dena. || inmunizazio pasibo. Antigorputz espezifikoak dituen sueroa injektatuz lortzen dena.
Inmunizazioaren helburu nagusia antigorputzak sortzea da. Antigorputza proteina-molekula bat da, gorputzari eraso dion agentea (antigenoa) ezagutu eta neutralizatzeko gai dena. Antigeno-antigorputz erreakzioa odolean, zelulaz kanpoko fluidoan, mukosen gainazalean edo birusengan gerta daiteke. Bien arteko elkarrekintzak antigenoa indargetzea edo suntsitzea ekar dezake. Gainera, linfozito eta makrofagoak lanean hastea ere ekar dezake, zelulen inmunitate-erantzun deitutakoa abiarazita.
Inmunizazioa aktiboa zein pasiboa da. Inmunizazio pasiboan, aurrez inmunizatua edo kutsatuta izan den ale baten suero sentikortua daukan txerto bat ematen zaio inmunizatu nahi denari. Txerto horrek berehalako babesa ematen dio hartzaileari inmunitate aktiboa eratzeko behar duen denboran. Fetuak inmunitate pasibo naturala hartzen du amaren karenaren bidez eta infekzio arruntekiko babesa du hainbat hilabetetarako. Amaren lehen esneak ere jaioberria babesteko antigorputzak ditu.
Inmunizazio aktiboak (txertaketa ere esaten zaio) antigeno jakin baten kontrako inmunitate espezifikoa eragiten du. Gaixotasun baten lehen erasotik suspertzen ari den pertsona gaixotasun horrekiko inmunea izan daiteke, bere inmunitate-sistemak antigenoaren kontrako antigorputzak garatu dituelako. Inmunizazio aktiboan edo txertaketan antigeno ahuldua edo horrek sortutako toxinak sartzen dira gorputzean, honek antigenoak gararazi ditzan. Jarduera horrek, noski, ez du pertsona gaixotzen.
Inmunizazio aktiboan bi motatako txertoak erabiltzen dira. Batzuek antigenoaren hainbat egitura-osagai (mikroorganismo ahulduak edo hilak) baliatzen dituzte antigorputzak sorrarazteko eta infekzioaz babesteko; mikroorganismo ahulduak dituzten txertoak infekzioari aurre egiteko eraginkorragoak izaten dira. Bigarren txerto-motak antigenoaren toxinak erabiltzen ditu, antitoxinak eratzea bultzarazten dutenak; gaixotasunaz babesten dute antigenoa inhibitu gabe. Inmunizazio aktiboa epe luzekoa da, eta eraginkorra izatea nahi bada, kutsadura gertatu aurretik egin behar da, tarte bat behar izaten baita antigorputzak sortzeko.
Atzera