txertaketa
iz. Txertatzeko ekintza.
BOT. Txertaketaren bidez mota desberdineko bi landare elkartzen dira. Batak, patroiak, sustraiak eta zurtoina eskaintzen ditu eta besteak, mentuak, lortu nahi diren lore edo fruituak emango ditu.
Berez, oso antzekoak diren espezieen arteko txertaketa egin ohi da: udareondo eta irasagarrondoaren artekoa, mertxikondo eta aranondoaren artekoa, hainbat sagarrondo-motaren artekoak, etab.
Txertatzeko sistema erabilienak ezkutu bidezkoa eta mihi bidezkoa dira. Ezkutu bidezkoan patroiaren azalean T-formako ebakia egin eta bertan mentua itsasten da. Mihi bidezko txertaketan patroiaren zurtoina horizontalki ebaki egiten da eta mentua ernamuin bat edo batzuk dituen adar berria izaten da. Zurtoinari egindako ebakian mentua ipini ondoren estu lotzen da eta lurrinketarik egon ez dadin babestu egiten da. Gehienbat fruta-arbolak eta loreak txertatzen dira.
MED. Txertoa gaitz infekziosoen aurkako neurri prebentiboa da. Hildako edo ahulduriko birus edo bakterioen disoluzioak edota, besterik gabe, beren toxinak inokulatzen zaizkio indibiduoari, honen organismoak antigorputzak sor ditzan eta gaitz jakinen aurrean inmunizatuta gera dadin.
E. Jenner britainiarra izan zen, 1796an, gazte bati baztangaren antzeko behien gaixotasun onbera baten jariakinak inokulatu eta inmunizazio aktiboa aurkitzen lehengoa. 1889an glizerina erabiltzen hasi zen txertoak garraiatzeko eta, honen ondorioz, txertaketak bultzada handia izan zuen. Bestetik, Pasteur-en inmunizazioari buruzko lanek (indargetutako mikroorganismoen bidezko txertaketak esaterako) egungo txertaketaren oinarriak finkatu zituzten. XX. m.an gaixotasun askoren kontrako txertoak lortu dira eta horiei esker hilgarri ziren gaixotasun askok garai bateko larritasuna galdu du. 1973an gripearen kontrako txertoa prestatu zen. Hong Kong izeneko anduiaren birus mutatzaileen bidez inmunizatzen du. Ikertzaileek saiakuntza bidez birusak hurrengo urteetan zein mutazio izango zituen jakin zuten eta birus "prospektiboa" lortuta txertoa prestatu ahal izan zuten.
Nolanahi ere, txertatutako pertsonarengan antigorputzak sortzen dira B linfozitoak aktibatuta. Linfozito batzuk oroimen-zelula bihurtzen dira eta aurkitutako antigenoaren informazioa hilabetetan edo urtetan gordetzen dute. Gero infekzio bidez antigeno hori berriz gorputzera sartzen denean, zelulek berehala kontra egin eta antigenoa hil egiten dute.
Birusen kontrako (poliomielitis, gripe, elgorri, errubeola, etab.en aurkako) txertoen eraginkortasuna oso handia da. Bakterio bidezko infekzioen kontrako txertoez, berriz, ez dago beste horrenbeste esaterik. Tetano eta difteriaren kontrako txertoak oso eraginkorrak dira, baina bakterio osoak erabiltzen dituzten txertoak (tifusaren eta koleraren kontrakoak esaterako) ez hainbeste. Tuberkulosiaren kontrako txertoan, Calmette eta Guérin-en baziloaren anduia inokulatzen da.
Bakterioak birusak baino askoz ere hobeto ezagutzen direlako eta askoz ere errazago hazten direlako, gaitz bakterianoen kontrako txertoak birikoen kontrakoak baino ugariagoak dira.
Atzera