oroimen
iz. 1. Ikusi, entzun, ikasi, sentitu direnak gogoan gordetzeko eta gogoratzeko ahalmena; gogoa, iraganeko oroitzapenen gordelekutzat hartua. Gure oroimen ahularen lagun etorri den liburua. 2. Oroipena, oroitzapena.
Oroimenaren ikerketa enpirikoa Antzinatean bertan hasi zen hizlarientzako arau mnemoteknikoak sortzeko asmoz batez ere. Ikerketa zientifikoa, ordea, ez zen berez XIX. m.ra arte hasi, Alemanian Ebbinghausek esperimentazio sistematikoa aplikatu zion arte. Oroimena zientifikoki aztertzen zuen korronteak ez zuen, oro har, jende asko bildu, aipagarrienak Binet eta Henry (1894) eta Bartlett (1932) izan ziren. Urte haietan beste diziplina batek ere garrantzi berezia ematen zion oroimenari, psikoanalisiak hain zuzen ere. Freuden ustez, izaera inkontzienteko errepresio-faktore batek baldintzatzen ditu bai informazioa errekuperatzeko mekanismoak, bai ahanzturarenak. Konduktismoaren arabera, informazioa berreskuratzeko mekanismoa estimulu-erantzunen arteko asoziazio-funtziotik abiatzen da. Konduktista eta neokonduktisten esanetan, gordetako informazioa ahaztu egiten da berreskuratze-prozesuan interferentziak gertatu ezkero. Beste autore batzuek, N. Chomskyren kritika antikonduktisten eraginez besteak beste, ikuspegi berri batetik ekin diote oroimenaren gaiari: gizakiak informazioa prozesatzeko duen ahalmena aztertu dute, baina pertzepzioaren eremu zabaleko gunea den heinean. Bestetik, sistema osoaren egituraketa deskribatzeko konputadora eta ordenadoreen funtzionamendu-ereduetara jo da.
Atzera