inuit

iz. eta izond. Amerika eta Groenlandiako lurralde artikoan bizi den etnia bateko kidea; etnia horri dagokiona.
Inuitak hizkuntza eta kultura berdineko talde txikitan multzokatuta bizi dira, estaturik gabeko gizartea osatuz Hudson eta Baffin badien inguruan, Ipar Polotik hurbil. Esan liteke, beraz, inuita baldintza klimatiko eta ekonomikorik gogorrenetan bizi den giza multzoa dela. Urtetan, zenbait historialarik esan izan du inuit herria iparraldean isolaturik garatu den herri amerindiarra dela funtsean. Baina zientziaren aurrerapenak historiaren eta antropologiaren zerbitzuan jarritako teknikek bestelakoa frogatu dute gaur egun. Inuitak mongoliarrak dira jatorriz eta arrazaz. Beren soslai eta jite mongoliarrak bereizten ditu, hain zuzen, Amerikako indiarretatik, gorputz atalez ere txikiagoak baitira. Euskaldunen arraza taldeak Rh faktorea bereizgarri duen bezala, badute inuitek berezitasun bat odolean, B motaren ugaria, Amerikako indiarretan inoiz ageri ez dena, bestalde. Beren hizkuntza ere indiarrenez oso bestelakoa da. Inuiten kulturaren aztarnarik zaharrena Umnak uhartean azaldu da, eta adituek duela 3.000 urtekoa dela kalkulatzen dute, gutxi gorabehera. Herri nomada izan da tradizioz, eta garai batean ehiza eta arrantza zuten bizibide bakarra. Neguan lurrez eta izotzez eginiko iglu izeneko txabola biribiletan bizi izan dira. XX. m.an kolonizazio bortitza jasan dute, beren zibilizazioa arriskuan jarri duena. Eskimal izena ("haragi gordina jaten duena") algonkin amerindiarrek ematen zieten izenetik dator, baina beraiek bere buruari inuit ("gizakia") esaten diote.




Atzera