kolonizazio
iz. Kolonizatzeko ekintza eta horrek ekarri ohi duen ondorio ekonomiko, politiko eta kulturala.
Esangura zabal eta historikoan, potentzia europarrek Asian, Ozeanian, Afrikan eta Amerikan eginiko lur hartzea da, ekonomiaren garatze kapitalistaren gorenean, beti ere lehengaiak lortzearren. Kolonizazioa aurrerapen gisa azaldu izan da maiz, erromatarrek eman ohi zioten zentzuan. Europako estatu-nazio kolonizatzaileek beti argudiatu izan dute Europa ez beste guztia lagundu beharreko herri atzeratuen multzo bat balitz bezala, eta europarrek kolonietan bertakoari atzerapenetik irteten laguntzea helburu baleukate bezala. Kolonizazioa XVI-XVII. mendeetan eman zen batez ere, nabigatzaileek egiten zituzten aurkikuntzen arabera. Europarrek erraz menperatu zuten gerra-tresnarik ozta zeukan hainbat herri. Sarraskietarako aitzakia ideologikoa, Erdi Aroan Gurutzadetarako bezala, Elizak eman zien: mundua kristautu beharra zegoen, eta kristaua ez zen oro Jainkoaren etsaia zen. Bizirik geldituriko bertakoak esklabotzan ezarri zituzten, eta aberastasunen ustiaketa trinkoa egin zen. Amerikak behar zuen eskulana Afrikan hartu zen eta beltzak andana eraman ziren esklabo. XVIII. mendean Ingalaterrak beltzen trafikoa debekatu zuelarik, trafiko horren esklusiba gorde nahi zuen. Noizbait Aita Santuak deklaratu behar izan zuen beltzak gizakiak zirela, arimadunak zirela. Esklabotzaren eta kolonizazioaren desmasien aurka, besteak beste, Frantzisko de Vitoria fraile dominikar euskalduna nabarmendu zen. Bigarren Mundu-Gerraren ondotik deskolonizazioa azkartu egin den mugimendu zabala da. Ingalaterrak utzi egin behar izan zituen, besteak beste, India eta Pakistan; Frantziak berriz Indotxina, Maroko, Aljeria eta Tunisia; Portugalek Angola, Ginea eta Mozanbike; eta Belgikak Kongo. Hala ere, independentzia lortu arren, nazio askok ezin du harreman ekonomiko propio eta probetxuzkorik zabaldu munduan. Honi, neokolonialismoa esaten zaio.
Atzera