izurri

iz. 1. MED. Yersinen baziloak eragiten duen gaixotasun kutsakor eta oso larria, antzina hilgarria zena. 2. (hed.) Hilkortasun handia eragiten duen edo oso kutsakorra gertatzen den gaixotasun baten erasoa, epidemia. 3. (hed.) Hedaturik dagoen gauza txar edo kaltegarria. 4. EKOL. Parasitoen eraso gogorra, landareetan, eta bereziki nekazaritzan kalte handiak eragiten dituena.
MED. Historian zehar pertsona gehien hil duen gaixotasuna da izurria ziurrenik. Yersinen baziloak (Yersinia pestis) eragiten du eta hiru forma desberdinetan ager daiteke: izurri bubonikoa, biriketako izurria eta izurri septizemikoa.
Biriketako izurria hilkorra da epe laburrean, biriketan bakterio patogeno ugari dago eta arnasa hartzean kutsatzen da. Izurri bubonikoa arratoien arkakusoen bitartez kutsatzen da eta besapeko, izterrondoko eta lepoko buboien agerpena du ezaugarri nagusia. Inkubazio-aldia ordu gutxi batzuk eta bost egun bitartekoa da eta hotzikarak, sukarra, goragalea eta nodulu linfatikoen ultzerazioa eta supurazioa dira sintomak. Izurri septizemikoa izurri bubonikoa bezain larria da, baina ez du buboirik, eta sintomak oso bestelakoak dira: arnasestua, zianosia eta baziloz beteriko espektorazio odoltsuak.
Lehen izurritea V. mendean azaldu zen eta mediterranear kostaldean zabaldu zen. Bigarrena XIV. mendean Indian hasitako eta Europako mendebalde osora zabaldu zen izurri bubonikoa izan zen: Izurrite Beltza. Geroztik XV. eta XVI. mendeetan jende asko hil zuten izurriteak agertu ziren Europan. XVII. mendearen bigarren erditik aurrera, gaixotasunaren hedapena saihesteko neurriak hartzen hasi ahala, izurriteak urrituz joan ziren. XIX. mendeaz geroztik, Europan ez da infekzio-gunerik izan, baina Asiako hainbat tokitan, Txinan edo Indian adibidez, oraindik gaixotasun larria izaten segitzen du.




Atzera